Talentu gazteei egingo diete tokia aurtengo 'Sagardoak batzen gaitu' ekitaldian
Sei bertso eta musika emanaldi izango dira udan zehar, Gipuzkoako zenbat sagardotegitan; uztailaren 24an, Ola sagardotegian.
Bertsolaritza, musika eta sagardotegiak eskutik helduta ibiliko dira uda honetan ere. Bertsozale elkarteak, Musika Bulegoak eta Sagardogileen Elkarteak indarrak batu dituzte beste behin udari begira bertsolaritza eta musika protagonista dituen programazio bat eskaintzeko. Emanaldi horiek Gipuzkoako sei sagardotegitan izango dira. Aurtengo ekitaldian talentu gazteei tokia egin nahi izan diete.
Irungo Ola sagardotegia izan da egitasmo honen bigarren aldia aurkezteko ingurua. Eli Pagola bertsolariak hartu du hitza, hasteko, eta kulturak pandemiaren eraginez jasandako kolpea landu du bere bertsoan, eta hiru elkarteen elkarlanari ere egin dio aipamena, “iraganako folklorea” berreskuratzeko “norbere oinarriei eutsiz”. Emanaldi bat eskaini du, berriz, bukaeran, Gartxot Unsain Bi Zaldi taldeko kideak.
Hiru elementuak, bertsolaritza, musika eta sagardoa lotuta egon direla nabarmendu du Eneritz Artetxe Bertsozale elkarteko kideak, eta historikoki sagardotegiak bertsoaren hedapenerako izan duen garrantzia aipatu du. Horrez gain, pandemiaren testuinguruan, plazak gutxinaka berreskuratzen ari direla jakinarazi du, baina oraindik saio libreak kostata.
Aitor Bengoetxea Musika Bulegoko koordinatzaileak, berriz, “oso garai latzak” izan direla nabarmendu du, batik bat, musikari gazteentzat, ezin izan dutelako ezta entsegatu ezta plazara atera ere. Euskal Herrian musikak “etorkizuna” duela esan du, baina tokia egin behar zaiola.
Unai Agirre Euskal Sagardoa elkarteeko koordinatzaileak, berriz, 2020 uzta sagardotegian probatu ondoren, uda garaia botilan probatzeko aproposa dela esan du. Uzta txikia baina “intentsitate handikoa” izan dela esan du, eta “oso gauza bereziak” probatu ahal izango direla.
Emanaldiak
Guztira, sei emanaldia izango dira, eta, tartean, irundar bat ariko da, Eneritz Furyak, uztailaren 17an, Zubietako Astiazaran sagardotegian. Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, eta sagardotegietako terrazan izango dira, eguraldiak lagunduz gero.
Sarrerak bertsosarrerak.eus edota sagardoa.eus webguneetan erosi ahal izango dira. Bi sarrera mota eskainiko dituzte: batetik, 15 euroko bonua, sarrera, sagardo tragoa eta pintxoa, eta, bestetik, 39 euroko bonua, sarrera, sagardo tragoa, pintxoa eta afaria.
Jarraian, programazioa:
- Uztailaren 9an, Aburuza sagardotegian (Aduna), bertso emanaldia: Ane Zuazubiskar, Maialen Akizu, Ane Beloki eta Andoni Mujika.
- Uztailaren 16an, Iparragirre sagardotegian (Hernani), bertso emanaldia: Aner Euzkitze eta Ane Labaka.
- Uztailaren 17an, Astiazaran sagardotegian (Zubieta), kontzertua: Eneritz Furyak.
- Uztailaren 23an, Astarbe sagardotegian (Astigarraga), bertso emanaldia: Eli Pagola, Maide Garmendia, Iker Ormazabal eta Asier Azpiroz.
- Uztailaren 24an, Ola sagardotegian (Irun), kontzertua: Sara Azurza.
- Abuztuaren 6an, Petritegi sagardotegian (Astigarraga), kontzertua: Bi Zaldi.
Horrez gain, Sagardoa routen barruan, udari begira, hainbat plan dituztela gogorarazi dute: aisialdi edo oporretako eskaintzak, enpresentzako aukera eta eskolentzako proposamenak. Azken hori irailetik aurrera jarri nahi dute martxan, eskolei begira. Sagarra izango da protagonista, eta urtaro bakoitzerako unitate didaktiko bat prestatu dute.