Identitatearen harmoniarantz
Bortitza, zakarra, gupidagabea da gure gizartea, eta, hala izanik, bereziki gogor jokatzen badaki —arrazoi desberdinak medio— egungo normatik kanpo geratzen den pertsonarekin. Norberaren identitateaz —edo anti-identitateaz hasi beharko genuke hizketan— ari bagara,—oinarrizko gizalegeak zapaltzeko—, aixe aurkitzen ditu aitzakiak gizarte heteropatriarkal honen defendatzaileak, beti ere jokatze honek bere estatusa mantentzea dakarrela; anitzak dira interesak disidentziaren aurrean.
Testuinguru guztiz normatiboan murgildurik bizi garen honetan, norbanakoari zoriontasuneranzko askatasun aukerak zabaltzeak sekulako urtikaria sortzen dio giza-zomorro zurrunari, egungo gizakiaren eta gizartearen bilakaera natural eta geldiezina ulertzeko ezgai izanik, izaki aberrantetzat jotzen ditu tradizioaren putzu lehorretik zein jarrera atzerakoienetatik aldenduaz, muga mentalak eta errepresio sozialak iraultzearen aldeko gogoz, beharraz, agertzen den oro.
Gu, gure bizitoki den planetaren agoniaren eragileok, antropozeno biologiko eta sozialaren maiestate harroa asegaitzok, doako sufrimenduaren sortzaile eta zorrotzaileok —entretenimendu eta espektakulu bihurtu dugunok—, tradiziozko hierarkien zaintzaile eta babesleok, intrantsigentzia normaltasunez bizitzen dugu; maiz tradizioz hala haragitu zaigulako gure soin eta buru nagi eta konformaerrazetan, hein handi batean plazako folklorismo herrikoi eta txalotuaren parte naturala izango balitz bezala jaso izan dugulako. Honela, gure konplizitatearen bitartez inposatu izan zaigun identitatea ikuspegi kartesianoaren dualismo sinplista itaundu eta zalantzan jarri duen oro baztertu, iraindu, jipoitu, bakardadera eta depresiora eraman dugu,
buruaz beste egitera ere, beti ere, noski!, errugabea izan den bultzadaz. Nor da aberrantea?
Intolerantzia forma krudel hauek guztiak, hainbesteko kalte, beldur eta mendeetako zigor eta sufrimendu eragin, hedatu eta derrigortu dituzten hauek, normosis bezala bizitzen ari gara oraindik ere jada bere urratsak eman dituen XXI. mende honetan; normaltasunaren patologia bihotz-gabea, immorala, guztiz lotsagarria. Hau bai birusa! Noiz bukatuko dugu berorrekin? Noiz ikasiko zer den tolerantzia, honen praktika, noiz eskua zabaltzen, besarkatzen, berdintasunezko komunitateak sortzen, enpatia errotzen, noiz gara duin bihurtuko?
Nor zara? Nor naiz? Nor da aurrean duzun laguna? Ezer gutxi dakigu bata besteaz bakardadea eta egozentrismoa ezaugarri bereizgarritzat dituen kultura baztertzaile honetan. Identitatea eta ez-identitatearen inguruan paradigma erreferentzial, komunikatibo eta politiko berriak behar ditugu. Norberak bere zoriontasuna jorra ahal dezan, ezinbestekoa du bere niarekin bat egitea; identitatearen harmonia lortu ezean, alferrik gabiltza behin eta berriro estetikaren diskurtsoan jira-biraka.