"Zein ederra izango den datorren urtean guztiok batera eta berdintasunean alardean elkar topatzea"
Orain dela 25 urte "bidea ireki zuten emakumeei" eskerrak eman dizkie EH Bilduk. Aurrerapausoak eman arren, "normaltasunetik urrun jarraitzen dugula" dio taldeak.
Aurten jaiak eztandarik egin ez duen arren, arduraz eta erantzukizunez jokatzeko deia luzatu nahi izan die irundarrei EH Bildu taldeak. Baina bereziki orain dela 25 urte emakume talde batek alardean desfilatzeko emandako pauso hori gogoratu eta 57 emakume horiei eskerrak emateko probestu dute hedabideei bidalitako azken oharra.
“2021 urte hau berezia da, 25 urte betetzen baitira lehen emakumeek alardearen arrankadan parte hartzea lortu zutela. 57 emakume horiek tentsio une oso bortitzak jasan behar izan zituzten herriko jaietan berdintasunez parte hartzen saiatzeagatik. Lerro hauen bidez gure eskertzarik beroena luzatu nahi diegu 1996 urte hartan bidea ireki zuten emakumeei. Beraiei esker, egun ehunka dira alarde parekidean desfilatzen duten emakume eta gizonak”, esan dute taldekoek. Ordutik aurrerapausoak eman direla diote, baina oraindik ere “normaltasunetik urrun” jarraitzen duela hiriak.
Pandemiak eragindako bi urteko etenaldi honek hausnarketarako aukera bikaina eman duela diote, eta honako mezua luzatu diete herrikideei: “Zein ederra izango den datorren urtean guztiok batera, elkarrekin eta berdintasunean alardean elkar topatzea”.