Asteburuan COVID-19agatik hamasei positibo Irunen, bakarra Hondarribian
Joan den astean Irunen izandako kasuen gorakada apaldu egin da. Hondarribia eremu berdean dago, tasa 60tik beherakoa duelako.
Ostiraletik igandera, Behe Bidasoan denera hamazazpi positibo jaso dira COVID-19agatik. Horietatik hamasei Irunen atzeman dituzte, eta bakarra Hondarribian. Joan den astean koronabirus positiboek gorakada nabarmena izan zuten Irunen, baina asteburuko datuei erreparatuta, apaldu egin da hori.
Bi herrietako tasak joan den asteko igandekoak baino baxuagoak dira, bereziki Hondarribikoa: transmisio baxuko eremu berdean dago, 100.000 biztanleko tasa 60tik beherakoa delako.
Jarraian, Irungo eta Hondarribiko tasa eguneratuak (atzoko datuekin), eta asteburuko kutsatzeak.
- Irun. Tasa: 142 (hilaren 20ko igandean 144koa zen). Positiboak (ostirala-larunbata-igandea): 7-5-4.
- Hondarribia. Tasa: 58 (hilaren 20ko igandean 129koa zen). Positiboak (ostirala-larunbata-igandea): 1-0-0.