Hamarnaka lagun bildu ditu LGBtQIA Egunak
Larunbatean ospatu zuen LGTBIQ+ komunitateak Harrotasunaren Eguna Hondarribian; "ederra" izan zela adierazi dute Fenomena elkarteko kideek.
Fenomena Kultur Elkarteak LGBtQIA Eguna ospatu zuen larunbatean. Ortzadarraren bandera eskegi zuten lehenik eta behin Arma Plaza informazio gunearen balkoitik, eta ondoren, ekitaldia burutu zuten Kasino Zaharreko lorategietan.
Carol Atxukarro trantsizioa egiten aitzindaria den hondarribiarrak irakurri zuen pregoia. Haren esperientzia eta bizipenak ere partekatu zituen bertan bildutakoekin. Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteko kideek hartu zuten hitza ondoren aurrera eramaten duten lanaren nondik norakoak aurkezteko. Azkenik, Lanbroa musika talde bidasoarrak itxi zuen ekitaldia.
Fenomena elkarteko kideek esker ona eman nahi izan diete parte hartu zutenei, publikoari eta Hondarribiko Udala osatzen duten alderdi politiko guztiei. “Ederra” izan zela bertan bizitakoa adierazi dute antolatzaileek.