Ficobak "susperraldirako bidea" hasi du
Urteko lehen balantzea egin berri dute. Positiboa izan dela eta "bilakaera ona" izan duela ondorioztatu dute.
Ficoba pandemia aurreko zenbakietatik gero eta gertuago dago. Urteko lehen balantzea egin berri dute zuzendaritzako kideek, eta honen arabera, pixkanaka ekitaldien antolakuntza suspertzen ari da. 2021eko lehen seihileko honetan Ficobak “bilakaera ona” izan duela ondorioztatu dute. Horren adibide da ekaineko balantzea, azken lau urteetako onena izan baita.
Orotara 131 jarduera egin dituzte azken sei hilabete hauetan; 2020an aldiz, 78 izan ziren. Dena den, datuak pandemia aurreko garaitik urrun daude oraindik: 2019ko lehen seihilekoan 142 ekitaldi egin baitzituzten.
Ficobako iturrien arabera, askok “leku seguru” bat aurkitu dute bertan. Esaterako, lan eskaintza publikoetarako, unibertsitatera sartzeko edo HABEren azterketa asko jaso dituzte bertan. Hauek, 5.00 lagun baino gehiago bildu dituzte. Bestalde, enpresa txiki eta ertain askok Ficoba bilerak egiteko baliatu dutela diote zuzendaritzako kideek.
Azokei dagokionez ere egoerak hobera egin duela ondorioztatu dute. Caravantur edo Bioterrak, adibidez, iaz baino bisitari gehiago izan dituzte aurten.
Ekitaldiak, segurtasun neurri zorrotzak direla eta, xumeagoak izan dira aurten, baina pozik daude emaitzekin. Bataz beste, 320 lagunek hartu dute parte ekitaldietan, eta 2019an berriz, 1.090ek.
Kudeaketa ekonomikoa ere ona izan da lehen sei hilabete hauetan, diru sarrerak eta gastuak koadratzeko gai izan da Ficoba, eta “baikortasunez” begira diezaioke urteko bigarren zatiari.
Hurrengo hitzorduak
Dagoeneko hurrengo hilabeteetako agenda egokitzen hasi dira. Hala, honako azokek hartuko dute erakustazoka: Ekodrive eta Be Veggie aurrez aurre egingo dituzte berriro, urriaren 1etik 3ra eta abenduaren 4tik 6ra; katu erakusketa eta ezkontza azoka ere egingo dituzte, azaroaren 27 eta 28an eta urriaren 15etik 17ra; Ficoauto azoka azaroaren 12tik 14ra bitarte; Irun Zuznean jaialdiaren barruko kontzertuak ere jasoko ditu erakustazokak, abendurako aurreikusi dituzte; azkenik, Itsaso Artean nazioarteko kongresua egingo dute bertan, azaroaren 3tik 5era.