"Nirea ez zen gorputz batean jaiotzea izan da gogorrena"
4 urterekin ahizpa zaharrenaren arropak janzten hasi zen, gustuko zituen. 12 urterekin, arropatik harago zihoan zer edo zer bazegoela ohartu zen: berea ez zen gorputz batean jaio zen.
Noiz ohartu zinen jaiotzetik zenuen gorputza ez zetorrela bat zure identitatearekin?
Ez nuen esango orduan konturatu nintzela, baina 4 urte nituenean gustatzen zitzaidan nire ahizpa helduenaren arropak-eta janztea. Ni sinistuta nengoen neska jaiotzen zirenak mutil bihurtzen zirela eta alderantziz, sorginkeriaz edo ustekabean; hala zela, magia. Hori pentsatzen nuen lau urte nituela.
Oso txikia zinen, baina zerbait sentitu zenuen jada.
Bai hala da, janzkerarekin izan zen, ahizparen arropak janztean, baina ordurako pentsatzen nuen egun batetik bestera neska bihurtuko nintzela, beste ezer egin gabe. Hala balitz errazagoa litzateke guztia, baina ez da hori errealitatea. 4 urterekin, beraz, zerbait bazen nire barruan esaten zidana nirea ez zen gorputz batean jaio nintzela, baina kontziente benetan, urte asko pasata izan nintzen. Banekien zerbait gertatzen ari zela, zerbait ez zihoala ondo, baina ez nekien zehazki zer zen.
Beste neskak eskolan ikusten nituen eta beren jantziak mutilentzat ere izatea desiratzen nuen, gustuko nuen nola janzten ziren. Hasieran hori pentsatzen nuen, arropak ematen zidan atentzioa. 12 urterekin jabetu nintzen arropatik harago zihoan zer edo zer zela, eta neska sentitzen nintzela.
Prozesu honetan zer izaten ari da gogorrena, zer da zuretzat zailena?
Gogorrena izan da nirea ez den gorputz batean jaio naizela onartzea, horrela jaio naizela, horrelakoa naizela. Ni emakume naiz, eta itxaron egin behar izan dut tratamenduak hartzen hasteko, eta jarraitu behar dut itxoiten orain ebakuntza egiteko. Batzuk ez dute operatu nahi, baina nik bai, nik nahi dut ebakuntza egin. Azkenean itxoitea da dena, itxoin hormonak hartzen hasteko, itxoin ebakuntzarako….
Zein adinekin hasi zenuen hormonak hartzeko prozesua?
13 urte eta erdi nituenean ospitalean testosterona blokeatzaileak eman zizkidaten mutil gisa gehiago ez garatzeko. Urte eta erdi itxaron behar izan nuen ondoren hormonak hartzeko prozesuarekin hasi arte, justu 15 urte bete baino pixka bat lehenago hasi nintzen hormonatzen. Gogorrena hori izan da, zurea sentitzen ez duzun gorputz baten barruan izatea, zure identitatearekin bat ez datorren gorputzean izatea.
Nola jokatu dute zure etxekoek eta ingurune hurbilak, eta zein garrantzia du euren jokaerak zuretzat eta zure prozesu bera egiten ari direnentzat?
Etxean erabateko babesa izan dut eta jarraitzen dut izaten. Nahiz eta babesa izan, beldurra sentitzen duzu esaterako garaian, barruan daukazuna ateratzeko unean. Inguruari dagokionez, orokorrean ondo hartu dute, jarrera egokia dute, baina badira batzuk ez dutenak hala jokatu. Nesken aldagelak erabiltzeko arazoa jarri dit bateren batek, eta horren aurrean ezer gutxi egin dezakezu, ez badute onartzen erabiltzea ezin dituzu erabili. Hori ere arazo bat izan da.
Izan duzu aukera zure kasuan ikastetxean nesken aldagelak erabiltzeko?
Bai, nire kasuan izan dut aukera. Izan ditut arazoak horrekin, gutxi batzuk esaten zuten ezetz, ez zeudela ados nik nesken aldagela erabiltzearekin, baina gehienek baiezkoa eman zuten, eta orduan aukera izan dut, gehiengo batek babestu nau eta lortu dut erabiltzeko aukera izatea.
Aurrera urratsak egin dira zalantzarik gabe, baina oraindik ere LGTBIfobia eta transfobia jasaten jarraitzen duzue.
Bai, hala da. Niri ere tokatu zait halako jarrerak jasatea. Nire kasuan, gehienbat jende helduarekin izan da. Inguruan bizi diren askok oso ondo hartu naute, baina beste batzuk ez hain ondo, eta galderak egiten dituzte deseroso sentiarazten nautenak, edota komentarioak egiten dituzte, baita gurasoei ere batzuetan.
Ikastetxearen eta ikaskideen jarrera egokia izan da, ulertu dute egoera eta zurekin izan dira?
Orokorrean hala izan dela esan behar dut, ulertu dute egoera, eta hala erakutsi didate. Irakasleek ere oso jarrera egokia erakutsi didate. Nire ikastetxean zorte ona izan dut, baina lagun batzuk arazoak izan dituzte haien ikastetxeetan.
Transexualak diren ikasleen %58k erasoak edo jazarpena pairatu ditu inoiz. Zuk sufritu duzu jazarpena?
Bai, baietz esango nuke, baina ez dut uste trans izateagatik izan denik. Bestela izan da.
Zer esango zenieke identitate eta genero aniztasunari ateak ixten dizkion jendeari, zuen identitatea eta zuen askatasuna errespetatzen ez dutenei?
Nik uste dut lehenengo gauza kontuan hartu beharrekoa informazio falta dela. Uste dut ez direla informatzen, eta gakoa da, ezinbesteko tresna niretzat. Informazio hori etxean eman behar da, baina baita ikastetxeetan ere. Nire ikuspegitik, nire esperientzian oinarrituta beti ere, batez ere jende heldua informatu beharra dagoela uste dut. Beste garai batzuetan jaio ziren, beste heziketa bat jaso dute. Informazio falta uste dut dela arazoa, eta hor sakondu beharra dago.
Gazteekin, baina, gertatzen da. Basaurin duela aste pare bat 23 urteko mutil bat eraso zuten irain homofoboak esaten zizkioten bitartean, eta erasotzaileak adin berekoak ziren.
Kasu horretan informazioa falta zela ere uste dut, ez direla inoiz gerturatu edo ez zaiela tokatu lehen eskutik bizitzea. Horrekin batera, intolerantzia ere badago, zalantzarik gabe. Pentsatu nahi dut gertuan transexual bat edota LGTBI kolektiboko beste kide bat izango balute, ez luketela hala jokatuko.
Familiaz, lagunarteaz, ikaskideez, edo eskolaz hitz egin duzu. Erakundeek honetan guztian ardurarik eta egin gabeko lanik badutela uste al duzu? Uste al duzu nahikoa egiten dutela zuen identitate eta genero askatasuna bermatzeko?
Osasungintza arloari begira uste dut gauzak aldatzen ari direla eta duela urte batzuk baino dezente hobeto doaz kontu guztiak. Ospitalera joan eta urtebete baino gehiago ematen zuten tratamendu bat hasteko. Orain ez da jada horrela, baina uste dut hobetu beharreko arlo bat gutxienez badagoela oraindik: adin txikikoei tratamenduak ematea gurasoei baimenik eskatu gabe. Guraso batzuk babesten gaituzte, baina beste batzuk ez, ez dute ulertzen. Uste dut aldatu beharko luketela hori, gure hobe beharrez. Nik zortea izan dut familiarekin, baina denek ez dute egoera bera. Ebakuntza egiteko 18 urtera arte itxoin behar izatea ere gehiegi iruditzen zait.
Eta gizarteari zer dagokio?
Lehenengo gauza, ezinbestekoa, errespetatzea gure erabakia, gure espazioak eta gure beharrak. Ez jartzea oztoporik nesken komuna edota aldagelak erabiltzeko. Komentarioak saihestea ere garrantzitsua litzateke, mingarriak direlako, baita galdera batzuk ere, lekuz kanpokoak direnak, eta gure adineko beste bati egingo ez lizkioketenak.
Beñat izena mantendu duzu.
Hala da, nik ez dut arazorik nire izenarekin, ez dut ezer horren kontra, eta Beñat izena mantenduko dut.
Transexualitatea naturaltasunez begiratzen dela esango zenuke gaur egun?
Ez, inondik inora ere ez. Oraintxe bertan bateren batek esaten badu bere gorputza eta identitatea ez datozela bat, bolo-bolo zabalduko litzateke, ez da zerbait normal edo natural gisa hartzen.
Zein gomendio emango zenieke bidearen hasieran daudenei?
Pazientzia izateko eskatuko nieke. Gauzek luze jotzen dute eta pixkanaka egitea baino ez dago. Batez ere gomendatuko nieke beste pertsona transexual batzuk ezagutzea, ulertuko dutelako. Ez daude erreferente asko, baina bilatzen saiatzeko eskatuko nieke. Nik inguruan izan ditut, Donostian, Irunen, eta garrantzi handia izan du nire prozesuan. Horrekin batera elkarteak ere badira bidea errazagoa egiten laguntzen digutenak guri, baita familiei ere. Naizen elkartea da horietako bat, adin txikiko transexualekin lanean ari dena. Beraiek informazio guztia eskura jartzen dizute.
Zer suposatu du zuretzat Naizen elkarteak?
Esanahi eta laguntza handikoa izan da niretzat hasieratik. Gurasoek hasieratik onartu zuten, baina ez zekiten nora joan, zer egin, nola hasi… Naizenen argitu ziguten guztia. Behar beharrezkoa da beren lana, ezinbestekoa guretzat eta familientzat.