Abotsanitzen eta EH Bilduren mozio bana onartu ditu udalbatzak
Bost izan dira denera oposizioak aurkeztutako mozioak: hiru Abotsanitzek, eta bana EH Bilduk eta PSE-EEk.
Hondarribiko Udalbatzak atzo egindako osoko bilkuraren azken bost puntuak, alkate dekretu eta erregu zein galderen atalez gain, oposizioak aurkeztutako mozioek bete zituzten. Abotsanitzek hiru mozio aurkeztu zituen, eta PSE-EEk eta EH Bilduk bana.
Sozialisten udal taldeak Jaizkibel urbanizazioari buruz aurkeztutako mozioa izan zen lehena. Eztabaidagaiaren aurkezpena egin zuen Iosu Alvarez bozeramaileak baina “perlak” esaten aritzeaz akusatu zuen Txomin Sagarzazu alkateak sozialista.
Hondarribiko Udalak 1995. urtean Jaizkibel urbanizazioko jabeekin egindako ezohiko bilkura izan zuten hizpide, baina Abotsanitzeko Igor Enparan bozeramaileak akordio horren gaineko “jarraipena” egin edo “espedientea” ba ote dagoen galdetu zion korporazioari. Are gehiago, 1995eko ezohiko osoko bilkura hartan jasotako aktan zinegotzi batek gaur egun gertatutakoa iragarri zuela irakurri zuen bozeramaileak.
Oposizioa bere osotasunean egoera aztertzearen alde agertu zen arren, jeltzaleen udal taldeak gehiengoa baliatuta atzera bota zuen proposamena.
Herri batzarra
Abotsanitzek hiru mozio aurkeztu zituen. Lehena, apustu etxeen ingurukoa; bigarrena, udal langileen formazioari dagokiona; eta azkenik, elkarteek jasotako diru laguntzen izapidetzearena.
Lehen mozioa Maria Serrano Gazteria eta Prebentzio Komunitarioko zinegotziarekin adostua izan zen, Aitzol Arroyo zinegotziak jakinarazi zuenez. Bi puntu nagusi jaso zituen mozioak: batetik, Hondarribia apustu etxerik gabeko herri izendatzea, eta bestetik, Prebentzio Komunitarioko udal zerbitzuari gaiari buruzko kanpaina iraunkor bat prestatzea eskatzea. Udal talde guztien babesa jaso zuen proposamenak.
Bigarrenik, tokiko udal langileen formazioa jorratu zuen udal taldeak. Estitxu Urtizberea zinegotziak azaldu zituen Giza Baliabideen Arrazionalizazio Programaren dokumentuarekin lotutako mozioaren nondik norakoak. Udal langileek tokiko administrazioaren bitartez formaziorako dituzten eskubideak aldarrikatu zituen. Kritikatu zuenez, bestelako erakunde publikoen bitartez gauzatu ditzakete trebakuntza ikastaro horiek, baina haien eskubidea da bertako administrazioan formazioa jasotzea.
Juan Mari Altuna Ogasun eta Zerbitzu Orokorretako zinegotziak erantzun zuenez, “formazio plangintza bat” egin daitekeen arren, udalbatzak bozkatutakoa “antolakuntza plan bat” da. Berretsi zuenez, “formazioa eta trebakuntza ez dira traba” udalarentzat. Mozioak Abotsanitzen eta EH Bilduren babesa jaso zuen, baina EAJk kontra egin eta PSE-EEk abtentziora jo zuen.
Lupe Queiruga zinegotziak irakurri zuen azken mozioa. Elkarteek udal diru laguntzen tramitazioa errazteko helburuarekin aurkeztutako adierazpena ez zuela ulertzen erantzun zuen Maria Serrano zinegotziak. Legeari muzin egitea izango litzatekeela bestelako izapidetze mota bat abiatzea adierazi zuen jeltzaleak, eta ez zutela proposamenarekin bat egingo argi utzi zuen. Queirugak erantzun zuenez, “ez diogu legeari iskin egin nahi”, nolabaiteko erraztasunak ahalbidetzeko adierazpena zela aurkeztutakoa erantsi zuen. Abotsanitzek mozioaren alde egin zuen arren, jeltzaleak aurka agertu ziren, eta talde sozialista zein EH Bildu abstenitu ziren.
Koalizio abertzalea
Kultura sustatzeko konpromisoa jaso zuen azken mozioak. EH Bilduko Xabier Isasi bozeramaileak EAJren udal taldearekin hitzartutako mozioa zela azaldu zuen, eta denera, bost puntu dituela: kultura garrantzia handiko jarduera izendatzea; krisiaren ondorioei eraginkortasunez erantzuteko udalak tresna berriak sartzea eta daudenak hobetzea; kultura ekitaldi agendari eustea; #hondarribiaeremuseguruada traola erabiltzea; hondarribiarrei zuzendutako sentsibilizazio kanpainak egitea kultura segurua dela erakusteko; eta bertako kulturaren alde egitea.
Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak erantzun luzea eman zuen udalak kultura babesten duela berresteko, eta asebete agertu zen Isasik eta Xabi Bengoetxea zinegotzi abertzaleak akordiorako erakutsitako borondateagatik.
Abotsanitzeko Urtizberea zinegotziak, bere aldetik, erabateko adostasuna agertu zuen arren, bi eskaera luzatu zizkion udalbatzari: “Ez ditzagun auzoak ahaztu eta gehiago egin dezagun”.
Aho batez onartu zen EH Bilduren kultura sustatzeko mozioa.
Erreguak eta galderak
Azken atala hiru eskera egiteko baliatu zuten Abotsanitzek eta EH Bilduk. Lehenik Enparanek hartu zuen hitza, eta osoko bilkuran landu beharreko bi obra lizentzia izan zituen hizpide, baita autobus geltokietako panelen letra tamaina ere, ikusmen urritua edo bista arazoak dituzten pertsonen zailtasunak aintzat hartuta.
EH Bilduko Bengoentxeak osoko bilkuren maiztasunaren inguruan hausnartzera deitu zuen udalbatza azkenik. Hilabetean behin egiteko komenigarritasuna azter ditzala galdegin zion Sagarzazuri bukaeran.