[Erreportajea] Kolore anitzeko zertzeladak
Ekainaren 28arekin batera ospatzen da nazioartean Harrotasunaren Eguna. Asteburua baliatuta bihartik astelehenera bitartean luzatuko dira han-hemenka ospakizunak, baina ez hori soilik: aldarrikapenak eta sentsibilizazioa uztartzeko egunak ere izango dira.
Euriak eta eguzkiak euren bidean talka egiten dutenean kolore anitzez betetzen da zerua. Espektroaren zabalera osoa bi norabidetan zeharkatzen duten zertzeladek koloretsu bihurtzen dute begirada bat-batean. Zubi ere bilakatzen dira koloreak zeruan, pasabideak sortuz, joan-etorria erraztuz.
Kolore bezain beste zubi aldarrikatzeko Harrotasunaren Eguna ospatuko du LGTBIQ+ komunitateak ekainaren 28an. Munduko ekitaldia bihurtu da azken urteotan, baita Oarsoaldean eta Bidasoan ere. Aurtengo ospakizunak astelehenarekin bat egin dutela baliatuta, asteburura aurreratu dituzte hainbat ekitaldi. Aldarrikapenez betetako egunak izango dira asteburukoak, ez soilik LGBTIQ+ mugimendua osatzen duten talde eta norbanakoentzat, gizarte osoarentzat baizik.
Antolaketa lan horietan buru-belarri murgilduta egon da azken asteotan Errenteria-Oreretako LGTBI+ Mahaia. 2019. urteko ekainean ekin zion bere ibilbide propioari, LGTBIQ+ pertsonen egoeraren gaineko diagnostikoa aurkeztu eta hilabetera. «Herriko hainbat pertsonaren desioa eta nahia zen Oreretan LGTBIQ+ pertsonen inguruko diagnostiko bat egitea», azaldu du Naroa Zabala mahaikideak. Errenteriako Udalak komunitateak bizitako egoera aztertzeko eskaera onartu zuen eta 2019ko maiatzean aurkeztu zituzten ondorioak. Prozesu horretan zehar elkartu ziren pertsonak «saretzeko beharra eta gogoa» zutela agerian geratu zen Zabalarentzat, eta beraz, azterketaren ondorioak ezagutarazi eta lau astera mahaia eratzea erabaki zuten. Gainera, belaunaldien artean «haustura» zegoela antzeman ondoren «zerbait egiteko gogotsu» zirela onartu du: «Orereta beti oso herri borrokalaria izan da, baina bada belaunaldien arteko halako hutsune bat. Aurkezpena eta gero poliki-poliki lanean hasi ginen».
Azterketaren ondorioak
LGTBIQ+ pertsonen egoera ezagutzeko aurrera eramandako diagnostikoak orotariko ondorioak azaleratu zituela kontatu du Zabalak. «Ondorio asko espero genituen, eta egoera kaskarra dela erakutsi dute. Jende askok kanpora alde egin du, eta hori Oarsoaldean Orereta herri nahiko erreferentea dela zentzu horretan». Aldi berean, hala ere, eskualdeko beste udalerrietatik Errenteria-Oreretara joatea erabaki duten pertsona ugari daudela ohartu dira mahaikideak: «Nolabait ere askeago sentitzen direlako hemen, baina finean, lan asko dagoela egiteko ondorioztatu genuen».
Diagnostikoa erabiltzen dute kideek bide orri gisa, eta udalarekin elkarlanean aritu arren, mahaia autonomoa da. Aurrera eramaten duten lanari dagokionez, egutegian kolore anitzez seinalatutako egunez gain, sentsibilizazioaren eta kulturaren mesedetan bestelako ekitaldi eta jardunaldiak ere antolatzen dituzte urtean zehar.
Mahaikideentzat, hala ere, garrantzitsuena «elkar zaintza» da: «Gure arteko zaintza erdigunean, lehen lerroan, jartzen saiatzen gara. Mahaia gune aske bat da. Oso garrantzitsua da guretzako, beste lekutan bilatzen edo aurkitzen ez duguna mahaian topa dezakegulako».
Erasoak eta LGTBIQ+fobia
Ekain Perrino 23 urteko gazteak hilaren 6an Basaurin (Bizkaia) jasandako eraso homofoboaren aurrean mobilizatzera deitu zuen Errrenteria-Oreretako LGTBI+ Mahaiak. Hilaren 10ean elkarretaratu ziren kolektiboko kideak, eta herritarren babesa jaso zuen deialdiak. «Lehen aldia da mahai bezala kalera atera garela», azaldu du Zabalak. Aurrerantzean ere erasoak kalean salatuko ote dituzten galdetuta, ez du zalantza izpirik agertu: «Bai noski, kalera aterako gara erantzutera onartezina iruditzen zaigulako. Gainera, babesa sentitu genuela konturatu ginen, eta agian pixka bat harrituta ginen, askotan borrokak bereizteko joera dugulako, eta uste dut borroka ezberdinak ere hari oso antzekoez gurutzatuta daudela. Uste duguna baino gertutasun handiagoa dute borroka batek eta besteak. Elkartasun hori sentitzeak ere indartu gaituela uste dut».
Vicente Vadillo Santamaria Francis-en hilketa LGTBIQ+ borrokan erreferente izateaz gain, errenteriarren kontzientziak pizten lagundu zuen gertakaria izan zela uste du, halaber, Naroa Zabalak. 1979. urtean Iztieta auzoko Apolo dantzalekuan polizia batek tiroz hil zuen Francis. Gertakaria gertutik bizitzea egokitu zitzaion mahaikidetako bati. «Haren bitartez oso gertutik ezagutu dugu istorioa», dio Zabalak, «guretzat, LGTBIQ+ pertsonen ibilbidean eta Oreretan batez ere, puntu ilun oso esanguratsua da Francisen hilketa. Kideak kontatuta, hurrengo egunean herri guztia altxa zen eta mobilizazioak egon ziren». Gertaeraren ondorioz Errenteria-Oreretan zein Euskal Herrian izandako protestei «iraultza» iritzi die Zabalak.
Gaur egun, genero edo sexu orientazioagatik burututako erasoak gorroto delitu gisa tipifikatzeak bortizkeria homofoboaren gaineko argazkia lortzea ezinezkoa egiten du. Gorroto delitu horiek, gainera, «non kokatzen diren» jakin nahiko luke Zabalak, baita «nola tratatzen diren gai horiek» ere. Izan ere, mahaikideak ez du gorroto delituak direnik zalantzan jarri. «Baina eskala horretan non kokatzen diren LGTBIQ+fobia delituak jakin nahiko nuke; behar duen garrantzia ematen al zaie? Eta behar bezala lantzen al dira?».
Ildo horretan, tankera horretako erasoen berri izatea «interesgarritzat» du Zabalak: «Genero delituekin gertatzen den bezala, honek ere azkenean erro antzekoak dauzka. Eraso hauen atzean gizarte matxista eta hetero arautu bat dagoela uste dut, eta horren ondorio direla erasoak. Munstro handi baten itzala da».
Larrialdi egoerak iaz ezarritako itxialdian LGTBIQ+fobia pairatzen ari ziren herritarrak artatzeko zerbitzua abiatu zuen Errenteriako Udalak. Iniziatiba «positiboa» eta «beharrezkoa» zela nabarmendu du Zabalak. Zentzu horretan, jarrera homofoboak iraultzeko pilula zein ote den galdetuta, hasperen egin du mahaikideak: «Pertsonalki ardura hartuz, enpatia sortuz eta errespetutik biziz. Jarrera asko normalizatu ditugula uste dut, barruraino sartu dizkigute eta inoiz ez gara pentsatzera geratzen, zergatik?».
Transexualitateari dagokion protagonismoa emango dio Fenomenak
Iazko etenaldiaren ondotik Fenomena Kultur Elkarteak hirugarren urtez ospatuko du Hondarribian LGBtQIA Eguna. Bihar izango dira ospakizunak larunbatarekin bat eginez, eta transexualitateari espazio bat ematea aurreikusi dute aurten. Iñaki Vazquez Fenomenako kideak azaldu du ideia orain dela hilabete batzuk sortu zela. «Elkarteko bi kide Itsas Etxean egon ginen Ekai Lersundiren omenezko ekitaldian». Bertan, hainbat pertsonak euren bizipenak ikusleekin partekatu zituzten. Gainera, Trans Legea pil-pilean egon dela aurten argudiatu du, «gaia jorratzeko unea zela pentsatu genuen».
Transexualitatea Hondarribian ikusarazteko helburuarekin antolatu du Fenomenak aurtengo Harrotasunaren Eguna. «Gai honen gainean herrian erakundeen aldetik aurrerapausorik ez dela eman uste dugu, eta beraz, gure aldetik bultzada, energia ziztada, behar zuela udalak pentsatu genuen», azaldu du Vazquezek. Hala, elkartekideentzat ere gaia aurreko ekitaldietakoak baino «ezezagunagoa» dela aitortu du: «Beste kasutan aspaldiko arazoak dira, ez daudenak konponduta baina bai bideratuta. Baina transexualitatea hor agertu da eta ez dago instituzionalki bideratuta; gauza asko konpontzeke daude». Hori dela eta, haiei hitza ematea erabaki dute, «nahi dutena esan eta esplika dezaten».
Hori horrela, Carolina Atxukarro Bartzelonan bizi den hondarribiarrak haren esperientzia partekatuko du bihar herritarrekin. «Hemendik alde egin behar izan zuen nolabait bere bizitza osorik bizitzeko. Gogo handia daukagu berak esaten duena entzuteko», nabarmendu du.