Hamabi kale berrurbanizatzeko kanpaina aurrera atera du udal gobernuak
Lau ordu eta erdiko osoko bilkura egin zuen atzo Hondarribiko Udalbatzak; gehiengoa baliatuta jeltzaleen proposamen guztiek aurrera egin zuten, baita EH Bilduren eta Abotsanitzen mozio bana ere.
Aurrez aurre bildu zen atzo berriz ere Hondarribiko Udalbatza. Lau ordu eta erdiko osoko bilkura izan zen atzokoa, eta hamaika izan ziren jorratutako gaiak. EAJk nabarmendutako gaien artean egon zen Hondarribiko hamabi kale berrurbanizatzeko eta egokitzeko kanpaina, nahiz eta proposamenak ez zuen oposizioaren sostengurik jaso.
Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak aurkeztu zuen “asfaltatze kanpainari” zegokion gaia. Ez zen fin ibili azalpenetan, eta “oinezkoak eta bizikletak” lehenestea zela helburua esan arren, oposizioak ez zuen begi onez ikusi proposamena. Areago, proiektua “ondo” aterako ote zen zalantzan jarri zuen une batean Carrionek.
Igor Enparan Abotsanitzen udal taldeko bozeramaileak halako egitasmo bat garatzeko herritarren parte hartze prozesu bat ireki ez izana deitoratu zuen. Gainera, adierazi zuenez, izena aldatu arren “berriritartze kanpaina” bat da, eta zentzu horretan, hainbat direla Hondarribian berrurbanizazio prozesu bat behar duten eremuak erantsi zuen, hala nola: “Portua, Mendelu, Alde Zaharreko hainbat kale, Akartegiko hainbat puntu…”.
PSE-EEren udal taldeko Noemi Odriozola zinegotziak bere aldetik “anbizio handikoa” iritzi zion planari, “ez da soilik aslfaltatze plan bat. Falta den dokumentazioaren zain geratuko gara”. Xabier Isasi EH Bilduko bozermailea ildo beretik mintzatu zen, eta “zalantzak argitzeko” esperoan zeudela ere adierazi zuen. Azkenean, EAJren botoekin aurrera egin zuen proposamenak.
Hermandade pareko eremuari Sare Konpontzaileen plazatxoa jartzea, autobus urbanoa abiatzeko lehen pausoak ematea, Vicente Ferrer fundazioak arnasgailuak eros ditzan emergentziazko diru sila eta Azeri elkartearentzako urteurrenerako diru laguntza aho batez onartu zituen udalbatzak.
Udal plantilla
Udalbatzak jorratutako gai zerrendan desadostasunak agerian utzi zituen beste puntuetako bat udal langile plantilarena izan zen. Lehenik, Giza Baliabideen Arrazionalizazio Programa, eta bigarrenik, erretiro aurreratuari buruzko primak aurkeztu zituen Juan Mari Altuna Ogasuna eta Zerbitzu Orokorretako zinegotziak.
Lehenari dagokionez, Abotsanitzen udal taldeak lan eskaintza publikoak deitzeko beharra azpimarratu zuen. Aldi batekotasun tasa %70etik gorakoa dela udalean adierazi zuen Enparanek, eta langile finkoek bost urtean erretiroa hartuko dutela erantsi. Hori horrela, lan eskaintza publikoak deitzeari ezinbestekoa iritzi zion.
EH Bilduko Isasik bere aldetik genero ikuspegia aintzat hartu ez izana deitoratu zuen, eta osoko bilkuran zehar behin eta berriz aldarrikatu bezala, Berdintasun departamentua eratzea eta Berdintasun teknikaria kontratatzea ezinbestekoak jo zituen.
Plana soilik EAJk onartu zuen arren, erretiro aurreratua hartzen dutenentzako primak arautzeko proposamenak alderdi guztien babesa jaso zuen.
Horren ondotik telelana arautzeko erreglamendua aurkeztu zuen Altunak. Deskonekxiorako eskubidea kontuan ez hartzeagatik kritikatu zuen proposamena Enparanek, eta “emakumeen aurkako planteamendua” dela argudiatu zuen Isasik. Hala ere, EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu zen azkenean.
Udal plantillaren atalean hautsak harrotu zituen azken puntua lanpostuen aldaketa izan zen. Hain zuzen, hiru udaltzain lanpostu sortzea proposatu zuen tokiko gobernuak, nahiz eta Enparanek hitza hartzean salatu zuenez, administrari bati, teknikari bati eta elektrikari ofizial bati zegozkien plazak dira aldaketarako proposatutakoak.
Talde sozialistako bozeramaileak “orain artekoaren gauza bera” dela argudiatu zuen, eta Isasik Berdintasun teknikaria eta departamentua aldarrikatu zituen berriro. Proposamenak udal gobernuaren botoekin aurrera egin zuen.
Mozioak
Oposizioak aurkeztutako mozioen gaineko informazioa beste albiste batean emango du HITZA-k.