Emakumeei zuzendutako teknologia prestakuntza, Bidasoa Bizirik-en eskutik
Errealitate areagotua, errealitate birtuala eta adimen artifiziala ardatz dituen 'Women flowing with tech' izenpeko ikastaroa abiatuko du irailean Bidasoko garapen agentziak.
Women flowing with tech izeneko ikastaroa abiatuko du irailean Bidasoa Bizirik garapen agentziak. Emakumeei zuzendutako formazioa izango da, eta errealitate birtuala, errealitate areagotua eta eta adimen artifiziala izango ditu oinarri. Irungo Leinner’s Flow enpresa gazteak ere parte hartuko du ikastaroan.
Zabaldutako informazioaren arabera, emakumeak tankera honetako teknologietan “sartzera” animatzea da helburua, “haien interesa pizteko” eta “sektore honetan modu espezializatuago batean prestatzen jarraitzeko”. Hala, sortzen ari diren teknologia berrien gainean emakumeak “heztea” eta “sentsibilizatzea” bilatzen du formazioak, “sektorean dagoen genero arrakala murrizteko eta enplegu aukera berriak sustatzeko”.
Ikastaroari dagokionez, parte hartzaileekin interakzioa bultzatuko dela zehaztu dute antoltzaileek: “Modulu batetik bestera pasatzeko ikasleek hainbat proba egin beharko dituzte”. 20 orduko formazioa izango da, irailaren 16an hasi eta urriaren 15era bitartean.
Ikastaroan izena eman nahi dutenek Bidasoa Bizirik-en webgunean egin dezakete aurrematrikulazioa. Informazio gehiagorako, bestalde, 943 50 96 00 telefono zenbakira edo ondoko posta elektronikora jo dezakete interesdunek.