Hiru mozio aurkeztuko ditu osteguneko osoko bilkuran Abotsanitzek
Apustu etxeak, udal langile publikoen etengabeko formazioa eta elkarteek udal diru laguntzak jasotzeko zailtasunak dituzte hizpide mozioek.
Hondarribiko Udalbatzak bihar egingo duen osoko bilkurara hiru mozio aurkeztuko ditu Abotsanitz Herri Batzarrak. Apustu etxeak, tokiko langile publikoen etengabeko formazioa eta elkarteek udal diru laguntzak jasotzeko dituzten zailtasunak protagonista dituzte udal taldearen mozioek.
Lehenik eta behin, “Hondarribia apustu etxerik gabeko hiria izatea proposatzen dugu”, adierazi dute. Are gehiago eskatu nahi du udal taldeak: “Establezimendu horien balizko eskaerei ezetz esatea, eremu publikoetan apustu etxeen publizitatea debekatzea, udal eraikinetan apustu edo joko makinarik ez onartzea, eta Prebentzio Komunitariorako udal zerbitzuak gaiari buruzko sentsibilizazio kanpaina iraunkor bat prestatu dezala”.
Deustuko Unibertsitateak 2018an egindako inkesta bat hartu du oinarritzat Abotsanitzek eskaera egiteko. Hain zuzen, azterketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 12 eta 22 urte bitarteko gazteen %30 inguruk dirua jokatzen du, eta pandemia garaian “online jokoaren hazkundea antzeman dute”. Hortaz, kopurua handiago izan daitekeenaren susmoa agertu du herri batzarrak.
Bigarren mozioak “Giza Baliabideen Arrazionalizazio Programaren hasierako fasearen proposamenarekin du lotura, osoko bilkuraren 10. puntuan eztabaidatuko dena”. Horren arabera, tokiko udal funtzionarioek “lanpostuko edo beren lanbideko ezagutzak eta gaitasunak mantendu, eguneratu edo hobetzeko” eskubidea dute, baina, udal gobernuaren “arrazionalizazio planean ez da eskubide hori aintzat hartzen”.
Azkenik, herriko eragileen “lan eskerga aitortzeaz gain, haien jarduenan udalak laguntzea proposatzen dugu”, adierazi du Abotsanitzek. Horrtarako, “udaleko baliabide humano, tekniko eta materialak” herri eragileen esku jartzea proposatu du, haien “karga administratiboa murriztuz” eta udal teknikarien “laguntza erraztuz”. Izan ere, izapide administratiboak gauzatzera “baliabide asko bideratu” behar dituzte elkarteek, haien “jardunen kaltetan”.