Martin Ugalde eta Lezo Urreztieta izango dira igandeko protagonistak
'Jainkoak ez dit barkatzen' izenpeko dokumentala proiektatuko dute Itsas Etxean; Urreztietaren istorioak Ugalderen ahotsaren bitartez jasotzen ditu ikus-entzunezkoak.
Josu Martinezek zuzendutako Jainkoak ez dit barkatzen izenburupeko dokumentala proiektatuko dute igandean Itsas Etxea Auditoriumean, 18:00etan abiatuta. 1907an jaiotako Lezo Urreztieta pirata, kontrabandista, mugalari eta itsasgizonaren gaineko istorioa azaltzen du ikus-entzunezkoak, Martin Ugalde idazle eta kazetariaren magnetofonoaren bitartez.
1975 eta 1978 urte bitartean Ugaldek eta Urreztietak izandako elkarrizketa ezezagunetatik abiatzen da dokumentala “XX. mendeko euskal historiaren funtsezko pertsonanaia baten testigantza plazaratzeko”. Izan ere, Urreztietak “ehunka pertsona salbatu zituen; atzerriko gobernuekin Eskal Herri aske baten alde negoziatu zuen; Bilbon armaz betetako hamazazpi itsasontzi sartzea lortu zuen 36ko gerran; eta Franko hiltzeko zorian egon zen”.
Miren Urreztieta eta Ainara Ugalde bi protagonisten alabek parte hartuko dute igandeko saioan. Sarrera debalde den arren, gonbidapenak jasotzea ezinbestekoa dela gogoratu dute, Arma Plazan edo Interneten.