Euskara arloko diru laguntzak irailaren 15era arte eska daitezke
Euskararen erabilera sustatzen duten jarduerak burutzeko 37.600 euroko diru-saila prestatu du udalak; herritarrek BAZen egin beharko dute eskaera, eta elkarte, entitate eta ikastetxeek aldiz, Interneten.
Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez, Euskara arloko diru laguntzak eskatzeko epea irailaren 15era bitartean egongo da zabalik. Guztira, 37.600 euro prestatu ditu udalak euskararen erabilera sustatzen duten jarduerak diruz laguntzeko.
Eskaera egin nahi duten herritarrek BAZ bulegora jo beharko dute, eta gainontzeko, elkarte, entitate eta ikastetxek, aldiz, Internet bidez burutu beharko dute.
Ondokoa diru-sailaren banaketa:
- 16 urtetik beherakoentzat udako ikastaroak antolatzen dituzten ikastetxeak (9.800 euro).
- Euskara sustatzeko ekintzak antolatu dituzten talde edo elkarteak (7.000 euro).
- Euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten 16 urtetik gorako herritarrak, baita euskarazko barnetegi edo ikastaroetara joandakoak ere (17.000 euro).
- Kanpo errotulazioa euskaratutako establezimenduak (1.800 euro).
- Webgunea euskaratu dutenak (2.000 euro).