Asteburu "historikoa" Bidasoa Atletiko Taldearentzat
Teresa Errandonea Tokioko Olinpiar Jokoetara iristeko oso gertu dagoela adierazi du BATek.
Klubaren errekorra, Gipuzkoako errekorra eta Euskadiko errekorra egin ditu asteburuan Teresa Errandoneak Madrilen jokatu zen Meeting txapelketan. Tokioko Olinpiar Jokoetarako lan oso positiboa egin duela uste du BATek.
13,04 segundoko marka egin zuen irundarrak, bosgarren postua lortu zuen finalean. Guztira 40 atleta sailkatuko dira Olinpiar Jokoetarako, eta oraingoz Errandonea 33. postuan dagoela ziurtatu du klubak “Tokioko Olinpiar Jokoetarako puntu oso garrantzitsuak egin ditu”.
Espainiako sub23 txapelketa:
Guztira BATeko 12 atletek hartu zuten parte asteburuan jokatu zen Espainiako sub23 lehiaketan. Taldeak adierazi du “historikoa” izan dela hainbeste atletek parte hartu ahal izatea, baina gaineratu dute historikoagoa izan dela jokalariek eduki duten maila.
Luzera jauziko Espainiako sub23ko txapelduna izan zen Iker Arozena, 7,61 metroko jauzia egin zuen. Taldeak dio honek Europako sub23rako ateak ireki ahalko zizkiola, baina lurreratze txar baten ondorioz, saihets haustura egin zuen Arozenak eta denboraldia utzi beharrean dago irundarra.
Brontzezko domina irabazi zuen Eva Queimañok heptatloi proban. Bere marka pertsonala hobetu zuen, 200 puntu gehiago lortu zituen, 4934 izatera iritsiz. BAT oso pozik agertu da bere lanarekin “borrokatzen eta lehiaketa ondo kudeatzen dakiela erakutsi du”.
Hirugarren postura igo zen Irene Muriedas disko jaurtiketan, 39,70 metroko botaldia egin zuen. Klubak esan du “asteburuko sorpresa” izan zela Muriedasen lana.
Espainiako Master txapelketa:
Malagan jokatu zen pasa den asteburuan Espainiako Master Txapelketa. 200 metro eta 400 metroko kategorietan nabarmendu dira taldeko atletak, Jose Maria Zabala, Oscar Zalakain eta Gustavo Gutierrez.
Zabalak 200 metroko lasterketan 26,75 segundoko denbora egin zuen, eta bosgarren geratu zen amaierako sailkapenean. 400 metrotan korri egin zuenean, 59,98ko marka egin eta laugarren postua irabazi zuen. “Emanaldi izugarria” klubaren iritziz.
Euskadiko sub16 txapelketa:
Getxon izan zen sub16 lehiaketa asteburuan. Aritz Zuazo eta Uxue Garrantxok parte hartu zuten 4 domina eskuratuz.
Garrantxok 100 metroko lasterketan 13,02ko marka egin zuen eta 300 metroko luzeran 42,59 segundoko denbora egin zuen. Txapelduna izan zen bi aldiz, urrezko bi domina irabaziz.
Zuazok altuera jauzian eta xabalina jaurtiketan zilarrezko bi domina bereganatu zituen. 1,73 metroko jauzia egin zuen eta 38,98 metroko jaurtiketa.