Normaltasunerantz urratsa egin eta aurrez aurre bilduko da berriro udalbatza
Hogei puntutik gorako gai zerrenda aztertuko du udalbatzak osteguneko osoko bilkuran; mugikortasun iraunkorra, autobus urbanoa eta kale izendegia izango dituzte hizpide, besteak beste.
Hondarribiko udal gobernuko Txomin Sagarzazu alkateak, Juan Luis Silanes Ingurumen eta Mugikortasun zinegotziak eta Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun zinegotziak agerraldia egin dute gaur goizean udaletxeko areto nagusian. Hondarribiko Udalbatzak ostegunean aztertuko dituen hainbat punturen gainean informazioa zabaltzea izan da agerraldiaren helburua.
Hogei puntuko gai zerrenda osatu dutela orain arte adierazi du Sagarzazuk, baina iragarri duenez, mozioak kontuan izanda are gehiago izan daitezke aztergaiak. Ildo horretan, normaltasunerantz pausoak ematen hasi nahi dute udal taldeek, eta berriz ere aurrez aurre biltzea erabaki dute. Momentuz, hala ere, publikoak ezingo du pleno aretoan bertaratu, eta interesdunek zuzeneko emisioa jarraitu ahal izango dute Hondarribiko Udalaren Youtube plataformaren profilaren bitartez.
Jorratuko dituzten puntuen artean, bestalde, hainbat aztergai nabarmendu ditu Silanesek lehenbizi. Hala, Hondarribia mugitzen ari da proiektuaren barruan herriko hainbat kale berrurbanizatzeko eta egokitzeko egitasmoa eramango du tokiko gobernuak osoko bilkurara. Sei milioi euroko aurrekontua du proiektuak, 21 hilabeteko iraupena iragarri dute eta hamabi kalean jardutea aurreikusten dute, besteak beste: Axular kalea, Baserritarren etorbidea, Bidasoa ibilbidea, Donostia kalea, Gibeleta, Harresilanda, Irun kalea, Kosta, Nestor Basterretxea, Sabin Arana, Txiplao eta zezen plazako aparkalekuaren eremua. Mugikortasun eta ingurumen aldetik “funtsezkoa” izango dela erantsi du arduradunak.
Hiri autobus zerbitzua martxan jarri ahal izateko lehen pausoak emateko proposamena eta Azeri elkartearen 20. urteurreneko ospakizunetan laguntzeko diru laguntza ere bozkatuko du udalbatzak.
Azkenik, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun departamentuko arduradun Larrartek zehaztu duenez, Hermandade pareko plazatxoari Sare Konpontzaileen enparantza izena jartzea proposatuko du. Horrez gain, Vicente Ferrer fundazioak Indiara arnasgailuak eramateko emergentziazko diru laguntza eskaera ere bozkatuko du udalbatzak.