Brioche Pasquierreko langileek protesta egin dute
San Juan plazan elkarretaratzea egin dute Azken Portuko lantegiaren itxieraren kontra eta langileen subrogazioa eskatzeko.
Brioche Pasquier Recondoko hamarnaka langile elkartu ziren atzo, San Juan plazan, bizitzen ari diren egoera salatzeko. Hainbat pankarta atera zituzten; hala nola, lekualdatzen dituzten langileak subrogatu eta kaleratzeak salatzeko, eta, bestetik, udalak hartu duen jarreraren kontra, PSE-Podemos kaleratzeen konplizeak eta Nuño, Gizarte Ongizatea baita Pasquierren ere.
Azken Portuko lantegia ixtekoa da Brioche-Pasquier, eta erabaki hori hainbat ondorio uzten ari da, sindikatuen esanetan. Batetik, kaleratze boluntarioak, eta, bestetik, lekualdatuko dituzten langileen lan baldintzen okertzea. Enpresa hori guztia “gardentasunik gabe” egiten ari dela salatu dute sindikatuek, eta negoziazioak ere banan-banan egiten ari direla langileak zaurgarritasun egoeran geratuz.