(Elkarrizketa) "Zutabe garrantzitsua da aisialdia euskaraz eskaintzea"
Irungo ikastetxe publikoetako guraso elkarteek eskaera bat egin diote alkateari, hiriko aisialdi antolatua euskaraz egiteko dauden zailtasunak ikusita. Udalari esku hartzeko eskatu diote.
Nolatan hasi zineten guraso elkarteen artean Irungo aisialdiaren gainean hausnartzen?
Txingudi Ikastolako guraso batzuen kezkatik abiatuta sortu genuen eskaera, eta Irungo ikastetxeetako guraso elkarte guztiei helarazi genien. Moldaketa batzuk egin ziren, eta azken testu bat adostu genuen. Irungo ikastetxe publikoetako guraso elkarte guztiak atxikitu ziren, eta eskaera hori helarazi genion alkateari, Gabonen aurretik.
Zein izan zen kezka hori?
Gurasoen artean hitz eginez hasi ginen: norbaitek haurra igeriketara apuntatu zuela, eta eskolak gaztelaniaz zirela. Beste batek, berriz, txikitatik eramaten zituela alabak arraunera, eta beti borroka bera zuela, han, gaztelaniaz ematen zietelako. Ikusten genuen batean eta bestean arazo bera ematen zela aisialdi antolatuko jardueretan. Irunen ume askok eskola dute euskaraz bizitzeko toki bakarra, eta, gainera, ez da prestigio handiena duena, betebehar eta lanarekin lotzen dutelako. Prestigio gehiago hartzen du aisialdiak gozamenarekin lotzen dutelako. Hor lortuko bagenu euskara nagusi izatea puskatuko genuke muga mental edo arrakala horrekin. Aisialdia euskaraz eskaintzea zutabe garrantzitsu bat dela uste dugu.
Irungo errealitate linguistikoa kontuan hartuta, are eta garrantzia handiagoa izango du aisialdiko eskaintza euskaraz izateak…
Ume baten bizitzan eskola, etxea, lagunartea (aisialdi librea) eta aisialdia (kontrolatua) dira zutabe nagusiak. Irun batean non euskararen presentzia etxeetan txikia den, eta lagunartekoan ere eskasa den, aisialdi antolatuak are eta garrantzia gehiago hartzen du. Aisialdi antolatua esku har dezakegun eremu bat da, eta garrantzitsua bihurtzen da, gero, lagunarteko horretan eragiteko. Beraz, garrantzitsua da, oro har, eta Irun batean areago, kontuan hartuta beste zutabeak ahulagoak direla.
Udalaren erantzuna zein izan da?
Erantzuna izan da gauzak egiten direla eta kito. Ez dute aurrerapausorik proposatu. Guk ez dugu esaten ez direla gauzak egiten; baizik eta ez dela nahikoa egiten edo gehiago ere egin daitekeela.
Udalak dituen eskaintza horiez gain zer egin daiteke? Non eragin daiteke?
Batetik, uste dugu udalaren eskaintza indartu daitekeela. Esaterako, haurrentzako zinema eskaintza indartzen Amaia KZn, edo, Martindozenean, gaztetxoentzako egiten diren jarduerak —askotan elebitan izaten direnak— euskara hutsean eskainita. Bestetik, gainerako entitate horietan guztietan ikusten dugu hutsune nabarmenena, jaun eta jabe gaztelania delako, eta ahalegin bat eginez, euskara jaun eta jabe izatea posible dela uste dugu.
Zein pauso emateko asmoa duzue orain?
Alkateak emandako erantzunaren ostean, hasiko gara, batetik, gainerako alderdi politikoekin hitz egiten, gure ikuspuntuak partekatzeko. Gero, nahiko genuke entitate nagusienetara jo gure kezka adierazte