UNICEFek Haurrekin Adiskidetsua den Hiri izendatu du Irun
Sariaz gain, erakundearen eta udalaren arteko lankidetza prozesu bat abiatu dute, helburu jakin batekin: "haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin lotutako politiken garapena, etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatzea".
UNICEFek baiezkoa eman berri dio Irungo Udalak joan den asteazkenean Irunek Haurrekin Adiskidetsua den Hiria izateko aurkeztutako hautagaitzari. Honekin batera, erakundearen eta udalaren arteko lankidetza prozesu bat abiatu dute, helburu jakin batekin: “haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin lotutako politiken garapena, etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatzea”.
“Irungo hiria eta udala konprometituta geuden haurrekin eta gazteekin lehendik ere, horien alde lan egiteko baliabideak eta mekanismoak baikeneuzkan. UNICEFekin bide honi ekin genion ilusio handiz, eta orain saria jasotzeak asko pozten gaitu, egiten ari ginen aurrerabideen erakusgarri delako eta etengabe hobetzen jarraitzera bultzatzen gaituelako”, nabarmendu du Gazteria eta Hezkuntza saileko ordezkari Santi Jimenezek.
Hautagaitza aurkezteko udalak haurrek eta nerabeek udalerrian bizi duten egoeraren gaineko diagnostikoa egin zuen, modu parte hartzailean, eta Haur eta Nerabeen I. Udal Olana onetsi zuen otsailean, aho batez. Horrez gain, haurrek eta nerabeek parte hartzeko udal organo bat ere sortu dute.
Saria emateko ekitaldia datozen asteotan izango dela iragarri du udalak.