Kirol arloko lankidetza hitzarmena berritu dute Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak eta aldundiak
Hitzarmenaren helburua "Irun, Hondarribia eta Hendaian kirol ekitaldiak antolatzea" dela azaldu dute Partzuergotik. Ondorioz, Partzuergoak urtero konpromisoa hartzen du mugaz gaindiko kirol jarduerak antolatzeko, "bere kabuz edo federazioekin lankidetzan eta lehiaketa edo jolas jarduera gisa, bai prestakuntza alorrekoak eta bai zabalkundekoak ere".
Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek osatzen duten Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindizko Partzuergoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2008an lehen aldiz sinatutako kirol arloko lankidetza hitzarmena berritu dute. Hitzarmen hau urtero berritzen da, eranskin baten bidez eta helburua “Irun, Hondarribia eta Hendaian kirol ekitaldiak antolatzea” dela azaldu dute Partzuergotik. Ondorioz, Partzuergoak urtero konpromisoa hartzen du mugaz gaindiko kirol jarduerak antolatzeko, “bere kabuz edo federazioekin lankidetzan eta lehiaketa edo jolas jarduera gisa, bai prestakuntza alorrekoak eta bai zabalkundekoak ere”.
Ekitaldi horiek egin ahal izateko aldundiak finantza baliabideak jarriko ditu. “Hitzarmen honi esker erabat finkatuta dauden eta gero eta parte hartze handiagoa duten kirol ekitaldiak antolatzen dira urtero hiru hirietan. Besteak beste, Eskola Kirolaren Festa, Bidasoako Txirrindulari Itzulia, Txingudi Korrika edo Bidasoaren Nazioarteko Jaitsiera Hegatsekin. Ekimen horiek aurrera atera ahal izan dira eta urtero antolatu ahal izan dira lankidetza honi esker”, azaldu du Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta era berean Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko presidenteak.
Hitzarmen horren ondorioz, gainera, klubei eta selekzioei ere laguntza teknikoa emango diete, mugaz gaindiko egitasmoak abian jartzerako orduan sortzen diren arazoak konpontzeko, eta Txingudiko selekzioek hainbat txapelketatan parte hartzeko egitasmoak babestuko dituzte.
Aholkularitza zerbitzua klubentzako
Kirol ekitaldiak antolatzeko laguntzaz gain, azken hamar urteetan Patzuergoak aholkularitza zerbitzu juridikoa eskaintzen die kirol klubei. Honen helburua da “kirol arloko mugaz gaindiko arazoei buruzko kontsultei erantzutea, horiek aztertzea eta kirol diziplina ezberdinetan konponbideak aurkitzen laguntzea”. Gainera, orain dela hamar urte egindako txosten juridikoa eguneratu dutela nabarmendu dute. Aurten ere zerbitzu hori eskainiko dutela aurreratu dute.