Dies Oiassonis, ate joka
Iazko hutsunearen ostean bueltan da erromatar jaialdia. Dena den, berezkoak dituen zenbait jarduera bertan behera utzi dituzte, hala nola erromatar zirkua eta azoka.
Iazko hutsunearen ostean, bueltan da Dies Oiassonis erromatar jaialdia. Beraz, aurten uztailaren 9 eta 10ean garai bateko Oiassora itzuliko dira irundarrak. Oiasso Erromatar Museoarekin elkarlanean, egungo egoerara egokitutako programa bat prestatzen dabil udala, «ekitaldi handirik gabekoa, edukiera kontrolatu daitekeen lekuetan aurrera eraman daitekeena eta ezarritako gainontzeko segurtasun eta higiene neurriak betetzen dituena».
Junkal Eizagirre Kultura saileko ordezkariaren arabera, «ez ditugu izango jaialdiak berezkoak dituen zenbait jarduera, hala nola erromatar zirkua eta azoka, baina, hala ere, ez zaigu faltako Irungo udako hitzordu klasiko honen berezko esentzia eta espiritua. Gure ondare historiko eta kulturalaren sustapena eta aisialdia eta entretenimendua bat egiten ditu jaialdiak, eta, horrela, udarako plan bikaina da. Horregatik, formatu txikiagoan bada ere, oso albiste ona da Dies Oiassonis bueltan izatea».
Aurrerapen gisa, dagoeneko baieztatu dute ikuskizun teatralen eskaintza «indartsua» izango dela. Atariko gisa aldiz, uztailaren 7an Emakumeak eta gastronomia: euskal sukaldaritzaren transmisioa, erromatar garaitik egungo abangoardiara izeneko erakusketa inauguratuko dute.
Aurreko beste zenbait ediziotan bezalaxe, hiriko merkataritza eta ostalaritzarekin batera ari da udala, sektoreak jaialdian parte hartu dezan. Hala, auten pintxoaren bidea antolatuko dute berriro, uztailaren 9ik 14ra bitarte. Dagoeneko 50 bat saltoki atxiki dira. Helbide honetara idatzita egin daitezke izen emateak.