Musika eta umorea, larunbaterako proposamena
B vocal taldeak 'Vocalocuras' ikuskizuna taularatuko du Amaia KZn. «Ikusleak txundituta» geratuko direla aurreratu du kultura sailak.
Musika eta umorea modu berezian uztartuko dituzte asteburu honetan Irunen. Amaia KZk jasoko du b vocal taldearen Vocalocuras emanaldia, larunbatean, 19:00etatik aurrera. Bost abeslari igoko dira oholtzara, eta musikaz gain, ahotsa, antzerkia eta umorea landuko dituzte. «B vocal taldearen eromen kutsakorra askotariko musika-klixe eta estiloetan murgiltzen da, eta eszena barregarriak eta une musikal ahaztezinak sortzen ditu horiekin. Ikusleak txundituta geratuko dira», diote udaleko iturriek.
Talde artistiko honek 25 urte bete ditu oholtzaz oholtza. Ordutik, 3.000 kontzertu baino gehiago eskaini dituzte, 7 CD eta 3 DVD ere kaleratu dituzte. Mundu osoa zeharkatu dute.
Emanaldiaz gozatzeko sarrerak 7,50 euroan eskura daitezke jada, esteka honetan.