Iaz jaiotako irundarrek gorosti bat jasoko dute
Bosgarrenez jarraian 'Gorosti bat elkarrekin hazteko' egitasmoa egingo dute aurten. 2020an jaitako haurrek opari berezia jasoko dute.
Irungo Udalak aurreratu duenez, aurten ere (eta bosgarrenez jarraian) egingo dute Gorosti bat elkarrekin hazteko izeneko egitasmoa. Irailaren 25ean izango da, eta orduan, 2020an jaiotako haurrei eta haien gurasoei gorosti bana emango diete udaletxeko arkupetan.
Iaz ekitaldia bertan behera utzi behar izan zuten, osasun egoeragatik, baina aurten berreskuratzeko apustua egin dutela azaldu du Borja Olazabal ordezkariak. «Bosgarren edizio honetan ere ezin izango dugu aurreko urteetako formatu bera erabili, pandemia dela eta, baina aurrez aurreko topaketa berreskuratu nahi dugu gutxienez, ezarrita dauden neurriak beteta. Funtsean, egitasmoaren asmoa da ongietorria egitea irundar berriei, familiei opari txiki bat eskainiz.
Gorostia jasotzeko beharrezkoa izango da izena ematea. 010 telefono zenbakira deituz egin beharko da. Txandak ezarri ondoren, partaideek posta elektroniko bidez jasoko dute hitzordua. Uztailaren 31era bitarte egin daitezke izen emateak.