Antzinako barku batekoa izan daitekeen kanoia aurkitu dute Txingudiko badian
80 zentimetroko luzera du eta 16 metroko sakoneran zegoen; itsas ondarearen espoliazioaren aurkako ariketa batean aurkitu dute urpekariek kanoia.
Antzinako ontzi batekoa izan daitekeen kanoia aurkitu du Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko Ur Ataleko urpekari taldeak Txingudiko badian. Hala ezagutarazi du gaur Ertzaintzaren prentsa zerbitzuak, eta zehaztu duenez, 80 zentimetroko luzera du aurkikuntzak eta 16 metroko sakoneran zegoen.
Itsas ondarearen espoliazioaren aurkako ariketa batean aurkitu dute kanoia urpekariek. “Morfologiaren arabera, bertan urperatutako barku baten kanoia izan zitekeela pentsatu zuten”, adierazi dute. Hortaz, artilleria pieza seinaleztatzea eta neurriak hartzea erabaki zuten.
“Piezaren materiala eta interes arkeologiko handia kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Kapitaintzako adituei eman zaie aurkikuntzaren berri, aztertu, baloratu eta dagozkien erabakiak har ditzaten”, bukatu dute.
Ertzaintzaren webgunean ikus daiteke aurkikuntzaren bideoa.