2022ra bitarte dozena bat laguntzaile izango ditu Irungo Udaltzaingoak
Laguntzaileek udaltzain uniformea eramango dute soinean, inongo enblema edo bereizgarririk gabe. Uneoro laguntzaileak direla adieraziko dela aurreratu du udalak.
Irungo Udaltzaingoak taldea sendotzeko apustua egin du, eta hala, 2022ra bitarte dozena bat udaltzain laguntzaile izango ditu. «Laguntzaile figura berria da Irungo Udaltzaingoaren barruan, eta gure ustez, oso baliagarria izan daiteke herritarrei zerbitzu egiteko. Udaltzainei beren egitekoak betetzen lagunduko diete, hala nola trafikoa, udal ordenantza eta datozen hilabeteetan antolatzen diren ekitaldiak kontrolatzen», esan du Cristina Laborda ordezkariak.
Hamabi laguntzaileak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian trebatu dira, eta haien kontratuak hilaren 7tik 2022ko urtarrilaren 9ra bitarte iraungo du. Lehenengo bi aste hauetan prestakuntza emango diete, besteak beste, Irungo udal ordenantzetan sakontzeko eta hiriko kale izendegia sakonki errepasatzeko.
Gero, udal gizalege ordenantzak, animaliak babesteko udal ordenantzak, mahai hankabakarrak eta terrazak jartzekoak edota udal zirkulazio ordenantzak betetzen direla kontrolatuko dute.
Laguntzaileek udaltzain uniformea eramango dute soinean, inongo enblema edo bereizgarririk gabe. Uneoro laguntzaileak direla adieraziko dela aurreratu du udalak.