Tenerifeko hilketa bikarioa salatzeko elkarretaratzea egin du udalak
Udal talde guztien kondena eta gaitzespena eragin du Kanaria Uharteetan alaben aurka burututako indarkeria kasuak.
Hondarribiko Udalak aho batez kondenatu eta gaitzetsi du Tenerifen (Kanaria Uharteak) gertatutako hilketa bikarioak. Elkarretaratzea burutu dute udal talde guztiek gertakaria salatzeko, eta elkartasuna adierazi nahi izan diete senide eta hurbileko pertsonei, baita indarkeria matxistaren biktima guztiei ere.
“Heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoen alderdi bat baino ez dute erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen baita”, adierazi dute. Ildo horretan, emakumeek pairatutako edozein bortizkeria (bikarioa, psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala…) emakumeen “duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina”.