[Bideoa] Butroi pasealekuko istiluen harira oharra plazaratu du gazte asanbladak
Gazteek adierazi dutenez, ertzainek "bortizkeria osoz" jardun zuten kai zaharrean bildutakoak bertatik botatzeko; atxiloketak izan zirela ere adierazi dute.
Igande goizaldean Butroi pasealekuaren inguruetan izandako istiluen harira oharra partekatu du Hondarribiko Gazte Asanbladak (HGA). Azaldu dutenez, goizeko 05:00ak inguruan Ertzaintzaren hainbat patruila agertu ziren Kai Zaharraren inguruan bildutako gazteak bertatik botatzeko helburuarekin: “Poliziaren aurkako jarreraren aurrean, Ertzaintzak bortizkeria osoz erantzun zuen bertan zegoen pertsona oro borrarekin joz eta gomazko pilota batekin tiro eginez”. Hainbat pertsona atxilotu zituztela erantsi dute gazteek.
Zabaldutako oharrean adierazi dutenez, tentsioak eztanda egin zuen, “Ertzaintzak azkenaldian astebururo errepikatu dituen ekintza arbitrarioen” ondorioz. “Identifikazioak, mehatxuak, konfiskazioak…” pairatu dituztela gaineratu dute.
Zentzu horretan, halako gertaerak “desnormalizatzea” eta “publikoki salatzea” ezinbestekotzat jo dute gazteek. Euskal Herriko hainbat tokitan errepikatzen den gertaera dela iritzita, “ezin daiteke ezohiko anekdota gisa ulertu”. Larrialdi egoeraren “aitzakia” baliatuta gazteak “kriminalizatu” eta ertzainen “inpunitatea handitu” egin dela adierazi dute.
Sozializatzeko duten aukera bakarra kalea dela azaldu dute, “eta kalean gauez elkartzen garenean indarkeriaren bitartez espazio publikotik ere botatzen gaituzte”. Halako gertaerek “beldurra” eragitea helburu dutela salatu dute azkenik.