Indarkeria matxistaren kontrako sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du udalak
Irudi eta eskuorri bidez eguneroko bizitzan lagunartean eta bikote harremanetan sor daitezkeen jarrera negatiboak landu nahi dituzte, "haiek azalaratzeko eta errazago detektatzen laguntzeko eta haien kontra egiteko".
Irungo Udalak “genero indarkeriaren kontra sentsibilizatzen jarraitzeko” asmoz kanpaina bat abiatu berri du. Imago agentziarekin batera diseinatutako kanpaina honetan zenbait jarduera aurreikusi dituzte ekaina eta uztailerako. Aste honetan hasiko dute, eta udazkenean berriro helduko diote, Indarkeria Matxistaren Kontrako egunetik gertu.
“Zoritxarrez, azkenaldian, gure gizartearen gaitz hau kementsu gaitzesteko premia plantearazi zaigu berriro ere. Joan den hilabetean, indarkeria sexistaren kontrako erakunde arteko arreta protokolo berria onartu zen, eta, gaurtik aurrera, prebentzio eta kontzientziazio lanean beste pauso bat emango dugu Irunen: herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina sendo bat jarriko dugu martxan, hainbat euskarritan, sare sozialetan zein kanal tradizionaletan. Betiere, helburua bakarra da: emakumeen kontrako indarkeriaren adierazgarri diren jarrera guztien kontra egitea, gure erabateko arbuioa merezi baitute”, esan du Berdintasun saileko ordezkari Miren Etxebestek.
Gaurtik (hilak 14) aurrera kanpainaren zenbait irudi argitaratuko dituzte sare sozialetan, eta eskuorriak banatuko dituzte udal lokaletan, gaztelekuan eta CBAn. Edukiek eguneroko bizitzan lagunartean eta bikote harremanetan sor daitezkeen jarrera negatiboetan jarriko dute arreta, “haiek azalaratzeko eta errazago detektatzen laguntzeko eta haien kontra egiteko”. Honakoa izango da leloa: Kontrolatzea ez da maitatzea.
Bigarren jarduera multzoa azaroaren 2tik 30era bitartean egingo dute, bereziki kalean. Banderatxoak, kartelak eta errotuluak jarriko dituzte kale, markesina eta autobusetan, eta eskuorri gehiago banatuko dituzte kalean, Azaroaren 25erako, gainera, beste jarduera batzuk aurreikusi ditu udalak, hala nola, puntu morea jartzea eta Irun Beldur Barik programa aurrera eramatea.