Aurtengo sanmartzialetan ere balkoiak eta leihoak apaintzera deitu du Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak
Iaz bezala, leiho eta balkoi ederrenek saria izango dute. Irundar orori luzatu diote lehiaketan parte hartzeko gonbita, "gure kaleei data maitagarri hauetan merezi duten itxura emateko".
Pandemiak bigarren urtez jarraian Balkoi eta Leihoak Apaintzeko izeneko lehiaketa antolatzera bultzatu ditu Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteko kideak. “Alde Zaharra eta San Joan
plazaren ingurua dira gure San Pedro eta San Martzial jai maiteen eszenatoki nagusiak. Horregatik, eta COVID-19ren ondorioz bizi dugun aparteko egoera ikusita, gure kaleetan gertatzen den alaitasun eta umore onaren sentimendu hori galdu ez daitezen, auzokideei lehiaketa hau proposatzen diegu”, diote hedabideei bidalitako ohar batean.
Hortaz, aurten ere balkoi eta leiho ederrenek saria izango dute. Irundar orori luzatu diote lehiaketan parte hartzeko gonbita, “gure kaleei data maitagarri hauetan merezi duten itxura emateko”. Bide batez, “gure jaiak beste modu batera baina betiko sentimendu eta emozio berarekin bizitzera” animatu dituzte herritarrak.
Parte hartzeko, hilaren 26a baino lehen lehiaketara aurkezten den balkoi eta leihoaren argazkia bidali beharko da, helbide honetara. Lehiaketaren oinarriak aldiz, elkarteko lokalean (Jesus kalea, 9) kontsulta daitezke.