Gazte bat atxilotu zutela igande goizaldean jakinarazi du Ertzaintzak
Butroi pasealekuko istiluen harira "desordena publikoa" eta "agintaritzaren agentearen aurkako atentatua" egotzita atxilotu zuten ertzainek 20 urteko gaztea.
20 urteko gazte bat atxilotu zuen Ertzaintzak igande goizaldean, Hondarribian. Butroi pasealekuan izandako istiluen ondorioz “desordena publikoa” eta “agintaritzaren agentearen aurkako atentatua” leporatuta burutu zutela agenteek atxiloketa adierazi du Ertzaintzak.
Zabaldutako informazioaren arabera, “goizaldeko 03:10ean pertsona multzo handi bat Butroi pasealekuan elkartuta zegoen edateko asmoz, segurtasun tarteak gorde gabe, eta maskara jantzi gabe”. Jendea “iskanbilarik sortu gabe” sakabanatu zutela erantsi dute, baina handik bi ordura gazteak itzuli zirela adierazi dute. “Bertaratuak berriz ere sakabanatzen ari zirenean, agenteei edalontziak eta botilak botatzen hasi ziren batzuk, eta istilu horietan 20 urteko gazte bat atxilotu zuten, desordena publikoaren delitua eta agintaritzaren agentearen aurkako atentatua leporatuta”.