Bihar zabalduko dute 2021. urteko hondartza sasoia
Aurtengo neurriak, gomendioak eta berritasunak aurkeztu dituzte gaur goizean. Horrez gain, asteburuan izandako bisitari kopurua dela-eta "erantzukizun kolektibora" deitu du Sagarzazuk.
2021. urteko hondartza denboraldia bihar hasiko da Gipuzkoako hondartzetan. Sasoiaren berri emateko agerraldia egin dute gaur goizean Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. Asteburuan izandako bisitari kopuruaren gainean ere gogoeta egin du Sagarzazuk, eta “erantzukizun kolektibora” deitu du.
“Bihartik irailaren 15era bitartean luzatuko da Gipuzkoako hondartza denboraldia”, adierazi du Sagarzazuk. Iazko eskarmentua eta gaur egun indarrean dauden arauak kontuan hartuta prestatu dute aurtengo sasoia. Panel urdin bat kokatu dute Europa pasealekuan arauak zeintzuk diren gogoratuz, esaterako: 1,5 metroko segurtasun distantziak, musukoaren derrigorrezko erabilera bainua hartzerakoan edota bakarrik toailan daudenentzat izan ezik, bizpahiru orduko egonaldi gomendatua…
Horrez gain, pertsona edukiera muga kontrolatzeko Hondartzak izenpeko aplikazioa eskuragarri dagoela gogoratu du Sagarzazuk. “Hondartzara etorri aurretik begiratu eta jakin dezaten herritarrek joatea merezi duen edo ez”, erantsi du. Emandako datuen arabera 8.000 laguneko aforoa du Hondarribiko hondartzak. “Iaz ez zen 4.300etik pasa, eta ez da gutxi”.
Xehetasunak
Carrionek jakinarazi duenez, kirol elkarteek piraguak, taulak… alokatu dezaten lau postu jarriko dituzte hormaren aldean. Horrez gain, aldagelak ireki, iturri guztiak zabaldu, eta bizikleta zein motorrentzat aparkaleku gehiago ahalbidetu dituzte. Azken hori autoentzako 50 aparkaleku kenduta egin dutela zehaztu du zinegotziak. “Espaloietan aparkatzea ekidin nahi dugu, eremu zabalagoa garbiagoa eta oztopo gutxiagorekin izateko”, esan du. Bainu egokitua eskainiko dutela ere gogoratu du.
Berritasun modura, edukiontziak hondarretik atera dituztela eta aldapen inguruan kokatu ere azaldu du. Zehaztu duenez, bosgarren edukiontzia lehen aldiz jarri dute eta zakarrontzia guztiak oinarekin irekitzen dira.
Herritarrei mezua
Azkenik, “arduraz” jokatzeko eskatu dio Carrionek herritarrei zein bisitariei: “Espazio ireki handi bat da, disfrutatzeko, baina ez daitezela jende pilaketak sortu, garbiak izan dadila, eta errespetatzea gainontzeko erabiltzaileak, adibidez, musikarekin ez molestatzea ondoan dagoenari… Denon lekua da, denon artean disfrutatzekoa”.
Ildo horretan, Sagarzazuk ñabardura bat egin nahi izan du: “Kontuan har dezala jendeak lagunekin edo familiarekin eta traste askorekin etorriz gero, eremu handia txikiagoa dela. Halakoak ez ditugu debekatu, baina ikusiko bagenu bestelako erabilera bat dagoela eta hori nagusitzen dela aztertu beharko genuke”.
Azkenik asteburuaren gainean gogoeta egin du alkateak. Emandako datuen arabera, 33.000 ibilgailu baino gehiago ibili dira joan-etorrian asteburuan Hondarribian, “15.000 larunbatean eta 18.000 atzo. Asko da”. Zirkulazio arazoak eragin zituen bisitari kopuruak eta egoera “ez zela ohikoa” izan pentsatu nahi dutela erantsi du agintariak. “Jendeari gogorarazi nahiko genieke arduraz jokatzeko, oso ongi etorriak direla, baina haiek ere kontuan hartzeko egoera eta Hondartzak app-a begiratu dezatela. Erantzukizun kolektibora deitu nahiko genuke”, bukatu du.