«Kezka handiz ikusten dugu Urdanibiako multzo guztia gero eta abandonatuago dagoela»
Irungo alkate Jose Antonio Santanok gutun bat bidali berri dio Bingen Zupiria Kulturako sailburuari, Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa den Urdanibiako jauregiaren egoeraren berri emateko. Gutun honetan kezka azaldu du alkateak, eta eraikina berritzeko premia nabarmendu du.

«Kezka handiz ikusten dugu Urdanibiako multzo guztia gero eta abandonatuago dagoela, are eraikinak arriskuan jartzeraino. Gure ustez, ondarea kontserbatzeaz haratago, monumentu multzo hau hirian erreferente den erakargarri publiko, kultural eta turistiko bihur daiteke», esan du alkateak gutun horretan.
Azken hamarkadetan udalak eraikina babestu eta berreskuratzeko “esfortzu” handia egin duela gehitu du Santanok. Egun, soilik Gazteluzahar gazteluko aurriak zaharberritu eta berreskuratu behar direla azaldu, eta dagoeneko horretarko proiektua eta aurrekontua badutela erantsi du. “Datozen hilabeteotan abiatuko dira lanak”.
Gutun horretan, amaitzeko, biltzeko gonbita luzatu dio sailburuari, “bertatik bertara ezagutzeko eraikin horien balioa eta horien egoera ikusteko”, eta hala, zaharberritzeari lehenbailehen ekin ahal izateko.
Jauregia Sebastian Urdanibiaren aginduz eraiki zuten 1612an. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak monumentu multzo izendatu zuen jauregiak, burdinolak eta errotak osatutako kultur ondasuna.