[Bideoa eta galeria] 50 urte gehiagorako prest dagoela erakutsi du HFEk
Itsas Etxea Auditoriuma bete du Hondarribia Futbol Elkarteak 50. urteurrenaren ekitaldi nagusian; klubeko kideek eta kirol zein politika ordezkariek parte hartu dute hitzorduan.
Hondarribia Futbol Elkarteak (HFE) 50. urteurreneko ekitaldi nagusia ospatu du gaur Itsas Etxea Auditoriumean. 50 urte bete dituela eta 50 urte gehiago betetzeko adina indarra baduela erakutsi dute klubeko zuzendaritzak, teknikariek eta jokalariek. Horiez gain, kirol eta politika ordezkariek eta zaleek parte hartu dute ospakizunean.
Koldo Emeryk eta Nerea Sarriegik burutu dituzte aurkezpen lanak. Klubaren historoiaren errepaso txiki bat egin dute hainbat bideoren bitartez. Lehenik eta behin, hala ere, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateari eman diote hitza aurkezleek. Hautetsiak klubaren baloreak nabarmendu ditu, eta gaineratu duenez, “haien ondoan jarraituko dugu, orain eta etorkizunean ere”. Ondoren, Izan ginenei esker garena gara ikus-entzunezkoa proiektatu dute.
Momentu hunkigarriak bizi dira ekitaldian zehar eta txalo zaparrada jaso dute orain arteko zuzendaritzak eta presidenteek Realeko presidenteorde Joseba Ibarbururen eskutik. Donostiako taldeko ordezkariak HFEren egonkortasuna nabarmendu du, eta Gipuzkoan “erreferente” bihurtu dela erantsi.
HFEen hasitako Lehen Mailako jokalarien bideoak, argazki liburuaren aurrerapenak, oroigarri banaketak, eta Hondarribia Hiria Musika Bandak Eskifaia abesbatzarekin elkarlanean klubarentzat sortutako ereserkiak osatu dute 50. urteurreneko ekitaldi nagusia. Esker oneko hitzak, txaloak eta zorion agurrak nagusitu dira Itsas Etxean.
Ondokoa da ekitaldiak utzitako irudi sorta eta bideoa: