[Erreportajea] Klubaren sorreraren mende erdia ospatuko du gaur HFEk
Gaurko egunez eratu zuten Hondarribiko lehen futbol elkartea. Urteurrena baliatuta, ospakizunen ekitaldi nagusia egingo dute gaur arratsaldean HFEko kideek, Itsas Etxean.
1971. urteko ekainaren 11n Hondarribiko hainbat elkartetako ordezkariak garaiko Alameda tabernan bildu ziren futbol talde bat sortzeko xedearekin. Hondartzako txapelketetan aritzen zirenek kluba sortzeko egindako saiakera ez zen ezerezean geratu, 50 urte geroago urrezko ezteiak ospatzen baititu Hondarribia Futbol Elkarteak (HFE). Urte berezia da aurtengoa kluba osatzen duten ehunka lagunentzat, eta hori agerian uzteko, hainbat dira antolatutako ekitaldiak eta iniziatibak. Ildo horretan, ospakizunen ekitaldi nagusia egingo dute HFEko kideek gaur, Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan abiatuta.
Mikel de la Linde HFEko zuzendaritzako kideak azaldu duenez, arratsaldeko ekitaldian hainbat bideo proiektatuko dituzte, HFEaren ibilbidea islatzeko eta herritarrei erakusteko zer ari diren egiten, «jendeak ez ditu ezagutzen egiten ditugun gauza asko». Horrez gain, klubaren 50 urteak argazki bidez errepasatzen dituen liburua ere prestatzen ari dira. Argitalpena jada inprentan dagoela ezagutarazi du De la Lindek, eta bizpahiru astean prest izango dutela zehaztu du.
Liburua osatzeko prozesuari eta jendearen erantzunari «oso polita eta interesgarria» iritzi dio HFEko kideak. «Argazki asko daude. Jendeak 1971tik gaur egun arteko argazkiak bidaltzea lortu dugu. Ehun bat argazki izango dira», kontatu du. Horrekin batera, klubean parte hartzen zutenei esperientzia parteka zezaten eskatu zieten. Era horretan, argazkiak eta esperientziak uztartzen dira liburuan zehar. «Deialdia zabaldu genuenean 30 bat lagunek-edo bidali ziguten beren eskarmentua. Oso polita eta interesgarria izan da jendeak kolaboratu izana, izan ere, pertsona bakarrak egin izan balu agian pixka bat laua gera zitekeen liburua, baina kasu honetan, jende oso ezberdina denez, batzuek lau lerrotan kontatu dute bere ibilbidea eta beste batzuek bi orritan. Bakoitzak bere modura egin du, baina oso polita izan da», esan du HFEko kideak. Liburuaren aurkezpena noiz egingo duten zehazteke dagoela oraindik erantsi du. Aipatutakoaz gain, hainbat jarduerarekin osatuko dituzte ospakizunak, besteak beste: 50. urteurreneko kamisetak, mahai-ingurua, Lehen Mailara iritsi diren jokalarien bideoa…
Kirola praktikatzeari garrantzia
Hainbat izan dira HFEk Lehen Mailaraino eramandako jokalariak. David Villabona, Unai Emery, Kote Pikabea, Mariasun Quiñones, Unai Alba eta Joseba Llorentek osatzen dute zerrenda hori, nahiz eta De la Lindek argitu duenez, klubaren helburua ez da goi mailako jokalariak heztea: «Guretzat inportanteena da edozein joka daitekeela futbolean, neska, mutil, ona, txar, potolo edo argal izan. Hori berdin zaigu. Garrantzitsuena da haiek kirola egitea eta beste neska-mutilekin sozializatzea. Gure helburua ez da Lehen Mailako jokalariak sortzea».
1971 hartan gizonen hiru talde sortu zituzten, eta nesken lehen taldea ez zen 1995era arte eratu. Hezi, gozatu eta lehiatu lelopean, gaur egun, emakumeen lau talde, gizonen 11 eta 50 monitore ditu HFEk. Denera, 650 bat lagun nahasita daude klubaren egunerokoarekin.