GAOean argitaratzearen zain daude GKEei bideratutako diru-laguntzak
Txomin Sagarzazu alkateak gaur sinatu duela dekretua jakinarazi du Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak; publikatu eta hilabete bateko epea izango dute erakundeek eskaerak gauzatzeko.
Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak gaur ezagutarazi duenez, “Txomin Sagarzazu alkateak gaur sinatu ditu gobernuz kanpoko erakundeei (GKE) eta alor sozialean lan egiten duten elkarteei bideratutako diru-laguntza deialdien dekretuak”. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratzean hilabete bateko epea izango dute interesdunek eskaera gauzatzeko.
Denera, 221.086 euro eta 30.000 euro bideratuko dira GKErentzat eta elkarteentzat, hurrenez hurren. Deialdira aurkeztu ohi diren erakundeei “pertsonalki” telefonoz deituko diela ziurtatu du Larrartek, “honen berri emateko”: Horrez gain, “datozen egunotan bilera bat egingo dugu haiekin, denon artean erraztasun gehienak jar ditzagun, diru-laguntzak eskatu eta ematea errazagoa izan dadin”.