Egokitutako bainu zerbitzua eskainiko dute hondartzan hilaren 15etik
Egunean lau bainu eskainiko ditu Gurutze Gorriak eta Hondarribiko Udalak koordinatutako zerbitzuak; osasun neurriak malgutuz gero zerbitzua bikoizteko aukera lukete.
Hilaren 15etik irailaren 15era eskainiko dute Hondarribiko Udalak eta Gurutze Gorriak egokitutako bainu zerbitzua. Hala jakinarazi du gaur Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak prentsa ohar baten bidez. Zehaztu duenez, lau bainu -bi goizez eta bi arratsaldez- eskainiko dituzte izurriaren aurkako neurriak direla eta. Horiek malgutuz gero zerbitzua bikoizteko aukera luketeela ere esan du.
Iaz Oztoporik Gabeko Bainua programa bertan behera geratu ondoren hasi ziren udala eta Gurutze Gorria zerbitzua elkarlanean antolatzen. Zinegotziaren arabera, “Gurutze Gorria hondartzako salbamenduaz eta sorospenaz arduratzen da, eta esperientzia handia du, bai eta langile espezializatuak eta material egokitua ere, bi aulki anfibio eta hainbat neurritako makulu anfibioen lau joko barne”.
Bainu egokiturako aukera baliatu nahi duten herritarrek 672 609 614 telefono zenbakira deitu beharko dute hitzordua finkatzeko. Bertan ere jasoko dute beharrezkoa duten informazioa.