EAEko Turismoaren Kode Etikoarekin bat egin dute Hondarribiak eta Irunek
Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak garatu du kodea; bi udalerrietako hamabi turismo eragilek bat egin dute iniziatibarekin.
Turismo eragileek euren egunerokotasunean “ardura sozialak” eta “ekonomia zein ingurumen iraunkortasuna” bultzatzeko helburuarekin Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Turismoaren Kode Etikoa plazaratu du Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak. Irungo eta Hondarribiko hamabi turismo eragilek bat egin dute iniziatibarekin, Bidasoa Bizirik-en bitartez.
Turismoaren Mundu Erakundeak garatutako kode etikoaren printzipioak barneratzen ditu dokumentuak, baita Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Iraunkorraren helburuak ere.
Hori dela eta, xede komuna lortzeko turismo eragile guztiek jarraitu beharreko hainbat jokabide ematen ditu kodeak: “Turismo arloko jarduna kohesionatzea errespetua eta ulermena izan daitezen turismo iraunkor eta arduratsu baten ardatz nagusia”.
Navegavela, Jolaski, Conservas Hondarribia, Atalaia jatetxea, Oiasso Erromatar Museoa, ETH Irun, Atalaia, Jauregui eta Aitana hotelak, Goiznabar nekazal turismoa, Europa pentsioa eta Bidasoa Bizirik agentzia dira kode etikoaren bereizgarria duten eragileak.
Horiekin batera, Villa Magalean hotelak, Marei eta Bidatour turismo zerbitzu enpresek, Iketxe eta Haritzpe landa turismoek, Ekoetxea Txingudik eta Jaizubia-Autocaravan Park Txingudik bat egingo dute ekimenarekin 2021. urtean zehar.