Miguel Ambulodi kalean lur gaineko aparkaleku bat egokitzeko beharra nabarmendu du EAJk
Jeltzaleek diotenez, hainbat zuzenketa aurkeztu eta gobernuak aparkalekua egiteko konpromisoa hartu arren, auzotarrek aparkaleku arazoak konpontzeko zain jarraitzen dutela salatu dute.
Miguel Ambulodi kalearen eta Diana kalearen atzealdearen artean dagoen eremuan lur gaineko aparkaleku bat egiteko proposatu zuen 2022ko aurrekontuetan Irungo EAJ taldeak, “bertan dagoen arazoa gutxitzeko asmoz”. Gobernuak aurkako botoa eman arren, hurrengo kreditu aldaketan beharrezko diru zuzkidura emateko konpromisoa hartu zuela gogoratu berri du taldeak, “gurekin partekatzen zuten arazo horri aurre egin ahal izateko”.
2019 urte amaieran Miguel Ambulodi kaleko bizilagunek eremuan zegoen aparkalekuaren arazoa konpontzeko neurriak hartzeko eskatu zioten udalari, gogoratu dute jeltzaleek. Gainera, Hegoaldeko Ingurabidearen obren harira, arazo hori “larriagoa” bihurtu zela diote.
Era berean, iazko otsailean Elitxuko Auzo Elkartearekin bilkura izan zuten jeltzaleek, arazoaren gainean hitz egiteko. Horren harira, aparkalekuaren sorrera, Hiritik At kooperatibarekinn batera lantzen zebiltzan auzo planean atxikitzea erabaki zuten. Halere, urte eta erdi geroago, arazoak bere horretan jarraitzen duela diotoe amorruz taldekoek. “Egunero, inguruko bizilagunek lanetik etxera iristearen eta ezin aparkatzearen arazoari aurre egiten diote”.
Horregatik, joan den martxoan 2021eko aurrekontu proiektuan gobernuak aparkalekua eraikitzeko behar zen partidarik atxiki ez zuela salatu dute, “bizilagunekiko eta gure taldearekiko zuen konpromisoa alde batera utziz”. Ondorioz, “arazo larri horri berriz ere heltzeko” proposatu zuten jeltzaleek, “aparkalekua egiteko proiuektu bat idatzita eta 125.000 euroko zenbatespen ekonomikoa eginda dagoela jakinda”.
Aurrekontuen azken osoko bilkura horretan, gainera, EAJk salatu du alkateak aipatu zuela jeltzaleek proiektua egitea nahi bazuten, gobernua prest legokeela hiru aste inguruko epean egingo zen kreditu aldaketan proiektu honi diru kopuru bat esleitzeaz hitz egiteko. Bi hilabete geroago ordea, jeltzaleen “harridurarako”, ez zuen esandakoa formalizatu eta bigarrez bere hitza ez betetzea leporatu diote Santanori.
“Gure taldeak, auzoetako arazo puntualak arintzeko lanean jarraituko du. Baita planteamendu orokor, anbiziotsu eta osoagoetan ere. Etorkizun oparoagoko eta abangoardiako hiria eraikitzen lagundu nahi dugu. Eta bide horretan, EAJ-PNVtik uste dugu beharrezkoa dela mugikortasun iraunkorreko eredu bat ezartzea, garraiobide publiko eta partikular guztien arteko bizikidetza aintzat hartuko duena”, esan dute azkenik.