Bidegorria eraikitzeko egindako "promesak" betetzeko eskatu du Balaztak
Mendelu auzoa "birgaitzeko" eta txirrindularien "zIrkulazio segurua" bermatzeko galdegin die elkarteak Irungo eta Hondarribiko udalei, Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari.
Balazta Bidasoko Bizikletaren aldeko elkarteak plazaratu du joan den igandean Artiako Lagunak-ekin eta Mendelu Auzo Elkarteakin batera antolatutako martxa aldarrikatzailearen balorazioa. Bertan, “auzoa birgaitzeko” eta txirrindularien “zirkulazio segurua” bermatzeko egindako “promesak” bete ditzatela exijitu die Irungo eta Hondarribiko udalei, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Are gehiago, elkartearen arabera, “proiektu bat baino gehiago” diseinatu dute auzorako “milaka euro xahutuz”.
Hilaren 6ko martxa aldarrikatzaileak Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako 300 bat txirrindulari bildu zituen Mendelu auzoan. Zutabe bana atera ziren Irungo San Juan plazatik eta Hondarribiko Zumarditik Mendelun topo egiteko helburuarekin. “Uda hurbil da, eta milaka lagun joango dira egunero Hondarribira Irundik, eta alderantziz”, gaineratu dute Balaztako kideek, “horietako askok bizikletaz egingo dute, trafiko handiko errepide batetik auzo hau zeharkatu behar izango dute, eta arriskuan jarriko dute haien osotasun fisikoa”.