Hezkuntzaren gaineko diagnostikoan ateratako ondorioak aztertzeko konpromisoa hartu du udalak
Hezkuntza Plazara dinamikak larunbatean aurkeztuko dituen zenbait ondorio aurreratu ditu jada. Alkateari eta gainerako alderdiei aurkeztu dizkiete, eta "positiboki" baloratu dutela diote.
Irungo Hezkuntza Plazara dinamikako kideek azken bi hilabeteetan landutako hezkuntzaren gaineko diagnostikoa aurkeztu diote Jose Antonio Santano alkateari, baita ere hezkuntza saileko arduradun eta alderdi guztietako ordezkariei. Guztiekin bilera izan zuten astelehenean, eta bertan dinamikako bost kide bertaratu ziren. Haien arabera, udalak “positiboki” baloratu du diagnostikoa, eta horretan ateratako ondorioak aztertzeko konpromisoa hartu du.
Udalean aurkezteaz gain, hedabideei ere bidali dizkiete diagnostikotik ateratako lehen ondorioak. “Atera dugun ondorioetako bat izan da 20-21 ikasturtean familia eta langileen gainean jarri den ardura handiegia izan dela. Kurtso hasieratik, hezkuntza-komunitateak ezinegon eta bakardade handia sentitu du administrazioaren aldetik egon den ezjakintasun eta planifikazio faltagatik”, esan dute lehenik. Ikasturtean zehar hartutako neurriak ikastetxe bakoitzeko errealitatera ez direla egokitu erantsi dute, ezta ere haur eta nerabeen osasun fisiko eta emozionala zaintzeko beharretara ere. Horregatik eskatu dute beste behin ikasleen eta gurasoeen eskubideak bermatzen dituen kontziliazio eredu berria, finean, “benetako kontziliazioa ahalbidetzen duten zerbitzuak egokitzea”.
Baliabideei dagokionez, bitarteko oso gutxi izan dituztela ondorioztatu dute diagnostikoan, azpiegitura horiek ez direla tokiko behar eta errealitatera egokitu. “Gela txikiegiak, ikasle askorentzat; patio estalirik ez; espazio txiki eta zaharkituak orokorrean”, diote amorruz. Gainera, ikasturte honetan udaletxeak tokian tokiko arazoen aurrean hartutako neurriak “eskasak eta aurreikuspenik gabekoak” izan direla diote, eta kasu askotan guraso elkarteen presio lanari esker bideratu direla. Horregatik azpiegituren berrantolaketa eta espazio berriak sortzeko premia nabarmendu du dinamikak, eta horien erabileraren gainean hausnartzeko beharra.
Amaitzeko, ikasleen inkusioan, familien eta ikastetxeetan naturan, ratioen jaitsieran edo euskararen erabileran ere gabezia asko ikusi dituzte egindako galdeketan.
Bide batez, larunbateko ekitaldira gonbidatu dituzte irundarrak; diagnostiko hori publikoki aurkeztuko dute, 18:00etan, San Juan plazan.