Alarde parekidearen 25 urteko borroka paseo batean jasoko du Parean-ek
1996ko San Martzial egunean desfilatu zuten lehen 57 emakume horiek omendu nahi dituzte. 25 urteko borrokaren abagune nagusiak gogoratuko dituzte, "herritarrek ezagutu eta inoiz ahaztu ez ditzagun".
Aurten 25 urte beteko dira jaietan parte hartzeko eskubidearen alde Irungo zenbait emakumek alardean desfilatzen hasi zirenetik. Data eta ordutik emakumeek jai parekideen alde egindako borroka hori aitortzeko paseo berezia antolatu du Parean elkarteak, “gogorra bezain aberatsa izan den bidea eta urtemuga berezi eta borobil hau ahanzturan geldi ez dadin”.
Paseo historiko interaktiboa eskainiko du Mertxe Trantxe historialariak, euskaraz zein gaztelaniaz. Idatziz zein audio bidez eta garaiko argazki indartsuekin borroka horren abagune nagusiak gogoratuko dituzte, “herritarrek ezagutu eta inoiz ahaztu ez ditzagun”.
Parean elkartekoen arabera, helburu hirukoitza izango du paseoak: emakumeek alardean duten parte hartzeko eskubidearen aldeko borrokak eman duena belaunaldi berrien eskura jartzea, “alarde parekide eta bakarra lortzen ez dugun bitartean borrokak jarraitu behar duela aldarrikatu eta erakunde publikoei emakumeen eskubideak errespeta ditzatela exijitzea” eta azkenik, 1996ko San Martzial egunean desfilatu zuten lehen 57 emakume horiek omentzea.
“Oraindik amaitu ez den borroka luzea izaten ari da. Hiriaren egun handian jendarteak bitan zatitua ospatzen du jaia. Egia da asko aurreratu dugula, lehen hamarkadako indarkeria eta isekak baretu egin direla, eta geroz eta gehiago gara emakumeen eskubideen alde batzen garenak. Alarde bakar eta parekidea lortu bitartean baina, bidea eta borroka ez da bukatu”, erantsi dute elkartekoek.
Paseoa hilaren 19an (larunbata da) egingo dute, 11:00etatik aurrera, San Juan plazatik abiatuta. Izena emateko helbide honetara idatzi beharko da.