Iazko hutsunearen ostean, bueltan da Kontenporanea kultur topaketa
Azken bi urteetako egoeraren ondorioz kanpokoaren eta barrukoaren artean sortutako kontrastea izango da aurtengo gaia. Asmoa «bizi izandakoaren ikuspegiak emateko gune bat sortzea» da, «dikotomia hori ulertu eta lantzeko».
Iazko hutsunearen ostean, aurten bai, Kontenporanea kultur topaketaz gozatzeko aukera izango dute irundarrek. Jada datak zehaztu ditu Kultura sailak: uztailaren 23tik 24ra bitarte luzatuko dute; ostiral eta larunbat horietan, San Juan plaza artearen eta artisten agertoki nagusi bilakatuko da, erakusketa erraldoia bisitatu ahal izango da.
«Arte garaikidearen sustapena azken urteetan hirian garatu dugun lan ildo nagusietako bat da. Horren adierazgarri, ekimen hau dugu. Esparru honetan lan egiten duten bertako profesionalen eskutik, gora doa urte batetik bestera. Iaz, bertan behera geratu zen, eta albiste ona da programa bueltan izatea, kultura babesten jarraitzeko, pandemiak larriki astindu baitu sektoreko jarduna», esan du Kultura saileko ordezkari Junkal Eizagirrek.
Bosgarren edizio hau ere artearen, kulturaren eta diseinuaren esparruko profesional gazteek antolatu dute, eta aurten, elkarlanean oinarritutako formatu kolektiboa izango du topaketak berriro ere: partaide bakoitza engranaje baten zati izango da, «gure lurraldeko proiektu artistikoei ikusgaitasuna eman eta bertako, Estatuko eta nazioarteko sortzaileekin batera esperientzia bat bizitzeko».
Programari azken ukituak ematen ari da udala, baina dagoeneko aurreratu dute aurtengoaren gai orokorra: azken bi urteetako egoeraren ondorioz kanpokoaren eta barrukoaren artean sortutako kontrastea. Asmoa «bizi izandakoaren ikuspegiak emateko gune bat sortzea» da, «dikotomia hori ulertu eta lantzeko».
Adin eta diziplina guztietako artista norbanako edo taldekoek ahal dute parte hartu. Irudiak, JPG formatuan bidali beharko dira, hilaren 30era bitarte (helbide honetara bidali behar dira).