Atila saria jaso du Irungo Udalak, «ingurumena suntsitzen laguntzeagatik»
Kutsu aldarrikatzaile eta salatzailea duen sari honekin urteko jokabide nabarmenak saritu nahi ditu Ekologistak Martxan elkarteak. Lehen honetan Irun saritu dute, «Bidasoa-Txingudiko estuarioaren gaineko hirigintza presioa handitzeagatik, Txingudiko natur gune babestuaren kontserbazio helburuak arriskuan jarriz».
Irungo Udalak jaso du lehen Atila Gipuzkoa saria, «Gipuzkoan ingurumena suntsitzen laguntzeagatik». Kutsu aldarrikatzaile eta salatzailea duen sari hau Ekologistak Martxan elkarteak antolatu du, eta urteko jokabide nabarmenak saritzen hasi dira aurten. Lehen edizio honetan Irun saritu dute, «Bidasoa-Txingudiko estuarioaren gaineko hirigintza presioa handitzeagatik, Txingudiko natur gune babestuaren kontserbazio helburuak arriskuan jarriz», esan dute.
«Irungo Udala hirigintza proiektu gehiago egiten ari da eta egin nahi ditu etorkizunean, Bidasoko estuarioa atzera bueltarik gabe hondatuko duen eremu oso sentikorraren gaineko hirigintza presioa areagotuko dutenak», esan dute elkartekoek.
Joan den apiril amaieran udalak Pasquier-Recondo enpresarekin akordio batetara iritsi zela gogoratu nahi izan dute, enpresa horren lurzoruak birkalifikatzeko konpromisoa hartuz, bertan 200 etxebizitza eta 245 aparkaleku plaza eraikitzeko. Lurzoru hori Hegaztiak eta Biodibertsitatea Zaintzeko Eremu Garrantzitsua den IBA 037 eremuaren barruan dagoela diote, eta mugakide dituela Txingudi-Bidasoa KBEa, Txingudi HBBE eta RAMSAR Txingudi Nazioarteko Garrantzizko Hezegunea.
Hala, presio urbanizatzaileak egun «oso egoera txarrean dagoen natur gune babestu bati kalte handia» eragingo diola erantsi dute, finean, habitatak berreskuratzea eta faunaren egoera hobetzea eragotziko duela proiektuak.