Tokiko natura ezagutarazteko webgunea abiatu du udalak
Jaizkibelgo tokiko basoa eta Jaitzubiako apo lasterkaria ezagutarazteko irteera antolatu du udalak Aranzadirekin elkarlanean, hilaren 19rako.
Hondarribiko natura ondarea ezagutarazteko webgune berria abiarazi duela jakinarazi du Hondarribiko Udalak Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziaren bitartez. “Naturarekin zerikusia duten informazio eta egitasmo guztiak ezagutaraztea eta Hondarribiak dituen txoko naturalak ezagutzeko eta gozatzeko” gunea dela adierazi du ordezkariak. Jaitzubiako paduretan egin du agerraldia Silanesek, Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika saileko ordezkari Anais Mitxelenarekin batera.
“2011tik Hondarribiko Udala Jaizkibel eta Jaitzubiako natura ondarearen jarraipena eta zabalkundea kontserbatzeko ekintzak bultzatzen ari da”, adierazi du Silanesek, “eta orain, pauso bat harago egitea erabaki dugu, webgune bat sortuz, ekintza eta proiektu horiek eta, jakina, bi lekuetan bizi diren habitat eta espezieak ezagutarazteko”.
Ildo horretan, Jaizkibelgo tokiko basoa eta Jaitzubiako apo lasterkaria ezagutarazteko irteera antolatu dutela hilaren 19rako jakinarazi du Mitxelenak. “Alde Zaharretik hasiko gara Josu Narbarte arkeologoaren azalpenekin. Bidasoko paduren lurrak lehortuz nekazaritzarako nola eskuratu ziren azalduko dugu, besteak beste”, adierazi du adituak. Jaitzubian, bestalde, Ion Garin herpetologoa izango dutela zain erantsi du, “azalpenak emateko eta herpetofaunarentzat gordelekuak egiteko. Apo lasterkaria espezie mehatxatuaren habitatearen hobekuntzan parte hartzeko aukera izango dugu”.