Hondakin-uren isurketa bat medio bainua debekatu dute hondartzan
Atalerreka araztegia eta Hondartzako Punpaketa Estazioaren artean hodi bat lehertu dela-eta debekatu dute bainua; atzo arratsaldean gertatu zen isurketa.
Ur zikinen isurketa bat medio hondartzaren inguruetan bainua debekatu du Hondarribiko Udalak. Atalerreka araztegia eta Hondartzako Punpaketa Estazioaren arteko hodi bat hautsi delako gertatu da isurketa, zehazki, Lurgorri parean. Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra.
Txomin Sagarzazu alkateak zehaztu duenez, gertakariaren berri jaso bezain pronto Sos Deiak-i, Osasun Sailari, Uraren Euskal Agentziari eta Hondarribiko Udaleko Ingurumen departamentuari jakinarazi zitzaien isurketa. Azkenik, uren analitikaren emaitzak izan arte ez dela bainurik baimenduko bukatu du.