Erlaitz eta Pagogainako gotorlekuetara bisita, denboraldiko lehen irteera
Hilaren 19rako (larunbata da) antolatu dute irteera. Toki gutxi geratzen direla jakinarazi du udalak.
Joan den astean zen hastekoa Aiako Harriko Lapurriturri Informazio Puntuaren denboraldi berria, baina eguraldiagatik bertan behera utzi behar izan zuten astebururako aurreikusitako pintura ikastaroa. Beraz, hurrengo asteburuan izango da denboraldiko lehen irteera, hala jakinarazi berri du udalak. Erlaitz eta Pagogaina mendietako gotorlekuetara irteera antolatu dute hurrengo larunbaterako (hilak 19). 10:00etan abiatuko dira, eta bidean zehar Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo aditu bat izango dute partaideek.
Toki gutxi geratzen direla jakinarazi du udalak, beraz, interesa dutenek lehenbailehen egin dezatela izen ematea, 010 telefono zenbakira deituta.
«Urtez urte huts egiten ez duen irteeretako bat da hau. Natura bete-betean egiten den ibilaldi batez gozatzeaz gain, izena ematen dutenek tokiko historiari buruzko aire zabaleko eskola batean parte hartzen dute, gertaeren tokian bertan. Eguraldi ona besterik ez dugu behar plana bikaina izan dadin», esan du Borja Olazabal udaleko ordezkariak.