Mikel Sarriegik 'Butterfly Effect' estreinatuko du igandean
Astrolabium antzerki konpainiarekin batera aurkeztuko du zuzendari hondarribiarrak gizakiaren eboluzioaren gaineko antzezlana.
Mikel Sarriegi hondarribiarrak Butterfly Effect izenpeko antzezlanaren estreinaldia burutuko du igandean (hilak 13), Itsas Etxea Auditoriumean, 17:30ean abiatuta. Zuzendari lanetan aritu da Sarriegi, Asier Oruesagasti eta Daniel Gomara antzezleen parte hartzearekin, gizakiaren eboluzioaren inguruko antzezlanean.
Zentzu horretan, “tximeleta efektua bezala ezagutzen den teorian oinarrituko da” antzezlana, “gertaera txiki bakoitzak bultza dezakeen aldaketa handia” islatzeko. “Antzezlanak historian gertaturiko momentu konkretu batzuk taularatuko ditu, eta momentu hauen harira, gizabanako bakoitzaren keinu bakarrak gertakarietan izan dezakeen eragina azpimarratu eta azaleratuko du”.
Sarrerak 4 euroan daude salgai, Interneten edo Arma Plaza informazio gunean.