Aholkularitza energetiko zerbitzu berria jarri du martxan udalak
Irungo herritar, merkatari eta espresek erabili ahalko dute, «kudeaketa energetikoaren esparruan sortzen diren kezka eta zalantzak modu pertsonalizatuan argitzeko».
Irungo Udalak aholkularitza energetiko zerbitzu berri bat jarri du martxan, hiriko herritar, merkatari eta espresei bideratutakoa, «kudeaketa energetikoaren esparruan sortzen diren kezka eta zalantzak modu pertsonalizatuan argitzeko» asmoz.
«Irun hiri eraginkorragoa bilakatzeko beste aurrerapauso bat da hau; kasu honetan, herritarrentzako informazio eta aholkularitzaren ikuspegitik egina. Hemendik aurrera, zalantzak argitzeko eta efizientzia energetikoaren esparruan interes orokorrekoak diren jarduerak herritarrei ezagutarazteko erreferentziazko puntu bat izango dugu. Oso une egokian jarriko da martxan zerbitzu hau, gai hauei buruzko albiste asko sortu baitira azkenaldian, zalantzak sorraraz ditzaketenak, hala nola tarifa elektriko berriak», esan du gaurko aurkezpenean Borja Olazabalek.
Tarifa elektriko berriei buruzko gaiez ez ezik, efizientzia energetikoa sustatzeko udalak ematen dituen diru laguntzez informatuko du zerbitzuak, baita beste entitate batzuek ematen dituztenez. Erreklamazioak aldiz, orain arte bezala, Informaziorako Udal Bulegoan egin beharko dira, eta tramitatutako eskabideak Herritarrentzako Arreta Zerbitzura bideratuko dituzte.
Argiaren kontratuen tarifak aldatu diren honetan, udalak argiaren kontratuak optimizatzeko zerbitzu bat ere jarriko du martxan, udal webgunearen bitartez kontsultatu daitekeena. Erabiltzeko erraza izango dela diote udaletik; soilik formulario bat bete beharko da, eta tresna informatiko batek aurreko urteko kontsumoaren datuak bilduko ditu.
Hala, automatikoki hilaren 1etik aurrera indarrean dauden tarifa horiek kontuan izanik, interesdunak txosten pertsonalizatu bat jasoko du bere helbide elektronikoan, aztertutako kontsumorako tarifa eta potentzia optimizatua zehaztuko diona. Horrez gain, enpresa merkaturatzailearen aurrean egin beharreko zuzemenen berri ere emango du txostenak, eta etxean energia modu arduratsuagoan erabiltzeko jarraibideak proposatuko ditu.
Zerbitzuen sektoreari dagokionez, 2019ko kontsumoa aztertuko du tresna berri horrek, eta prozedura berbera izango dela aurreratu du udalak. Azkenik, eguzki plaka fotovoltaikoen instalazioen neurriak ezartzeko txostenak ere eskatu ahalko dira udal webgunean.
Aholkularitza zerbitzua jada martxan dago, eta 943 505 152 telefono zenbakira deituta har daiteke hitzordua.