Ilcapo Hondarribia, Espainiako Lehen Mailara
Leganesen jokatutako igoera fasean "jaun eta jabe" izan ondotik igoerarako txartela eskuratu du eskubaloi taldeak.
Ilcapo Hondarribia eskubaloi taldeak Espainiko Lehen Mailara igoera lortu zuen asteburuan, Leganesen (Madril, Espainia) jokatutako igoera fasean. CD Bidasoak publiko egin duenez, “jaun eta jabe” izan zen Hondarribiko talde filiala. Aitor Etxaburuk entrenatzen duen taldeak orain dela bost urte eskuratu zuen jaitsiera.
Zabaldutakoaren arabera, Euskal Ligako txapeldunek bide onetik hasi zuten bere bidea ostiralean, BM Castellon 37-20 irabazita. Tao Gey-Enparan eta Raul Olaia izan ziren goleatzaile nagusienak, bosna golekin. Hurrengo egunean bigarren garaipena lortu zuten hondarribiarrek, Club Balonmano Utebo VG taldearen aurka. Bost gol sartu zituen berriz ere Olaiak.
Azken partidan Club Balonmano Leganesen aurka lehiatzea egokitu zitzaion Ilcapo Hondarribiari, arerioaren etxean, Leganesen. Aitor Etxabururen taldeak bost goleko errenta lortu zuen atsedenaldira iritsi zenerako (8-13). Aldageletatik bueltan goranzko joera mantendu zuen Hondarribiko taldeak, bukaeran, 19-30 markagailua eskuratuta. Bosna golekin Tao Gey-Enparan, Mikel Galan eta Gorka Nieto izan dira goleatzaile nagusienak.