Bidasoak espero baino lehen bukatu du denboraldia
Asobal Kopako finaletik kanpo geratu da, Sinfinen kontra 33-28 galdu ondoren. Bartzelonak 10.en kopa irabazi du.
Bidasoak merezitako atsedena hartuko du datozen asteetan, 2020-21 denboraldia bukatu ondoren. Espero baino lehenago agurtu du, ordea, Asobal Kopako finaletik kanpo geratu ostean: larunbatean Sinfin gehiago izan zen, eta 33-28 emaitzarekin kanporatua izan zen Irungo taldea. Santanderko kirol jauregian jokatu zituzten finalak, Sinfinen etxean, eta Bidasoko 150 jarraitzaile eseri ziren harmailetan.
Iker Serrano kapitaina, Adrian Crowley, Sergio de la Salud eta Nicolas Bonannorentzat azken partida izan zen larunbatekoa. Ezin izan zuten aurtengo denboraldia biribildu, baina apartekoa izan dela ez dago ukatzerik, hirugarrenez, Asobal Ligako txapeldunorde izan baita Bidasoa, Europan lehiatzeko txartela eskuratuz.
Asobal Kopako finalean Bartzelona izan zuen aurrean Sinfinek. Bartzelona nabarmen nagusi izan zen, eta 33-23 emaitzarekin, 10. kopa irabazi zuen.